Iritzia eman eta Fukushimaren lezioa ikasi dutenen artean daude Matthew Bunn eta Olli Heinonen. Joan den irailean, Science aldizkarian argitaratutako analisi baten egileak dira, eta izenburu esanguratsua jarri zioten analisi horri: Preventing the next Fukushima (Hurrengo Fukushimari aurre hartzen).
Bunn Harvard Unibertsitateko Belfer Zientzia eta Nazioarteko Auzietarako Zentroko ikertzailea da, eta Heinonen, berriz, zentro bereko ohorezko kide da gaur egun, baina IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren segurtasun-kontrolen saileko zuzendari izan zen 2010era arte. Bien iritziz, agintarien ahuleziak, batetik, eta araudiak neurri batean borondatezkoak izateak, bestetik, mugatu egiten dute nazioarteko erakundeek nuklearren segurtasunean izan dezaketen eragina.
Are gehiago; analisian azaldu dutenez, erakundeek orain arte "herrialde bakoitzaren esku" utzi dute segurtasun-araudiak ezartzeko eta betetzen direla kontrolatzeko ardura, eta, Fukushimakoaren ondoren araudiak bateratzeko asmoa erakutsi badute ere, ez dute aldaketa handirik somatu.
Epe luzera, egingo diren zentralak oraingoak baino seguruagoak izango direla aurreikusten dute, neurri zorrotzagoekin diseinatu beharko direlako. Baina, datozen hamarkadetan, energia nuklearraren zati handiena orain martxan dauden zentralek sortuko dute, alegia, "diseinu zaharra" duten zentralek. Hori kontuan izanda, zentral horien segurtasuna hobetzeko sei neurri proposatu dituzte analisian.
Lehenik, beharrezkotzat jo dute segurtasun-estandar zorrotzagoak ezartzea. Horren barruan, berariaz aipatu dituzte Europako Batasunak agindutako estres-testak. Test horien helburua da ikustea ea Europako Batasuneko 143 zentraletan ezarrita dauden segurtasun-estandarrak egokiak ote diren Fukushimakoaren antzeko fenomenoei aurre egiteko eta hiritarren segurtasuna bermatzeko.
Hain zuzen ere, estres-testen berri ematean, hondamendi hartatik lezio bat atera dutela onartu dute Europako Batasuneko arduradunek. Haien hitzetan, "atera daitekeen ikasgai nagusietako bat da muturreko egoerak gertatzeko arriskua badagoela, hala nola bi hondamendi naturalek une berean jotzea, eta guztiz honda dezaketela energia elektrikoaren hornidura".
Horrenbestez, estres-testetan bi eratako fenomenoak hartu dituzte aintzat: naturalak (lurrikarak, uholdeak, elurteak, izozteak, ekaitzak...), eta giza akatsak (hegazkin bat erortzea edo leherketa bat gertatzea zentral batetik hurbil) eta ekintzak, (adibidez, eraso terroristak).
Europako Batasuneko herrialdeek 2011ko abendura arteko epea zuten estres-testak egiteko, baina, epea amaitu baino lehen ere, ondorio bat atera zuten arduradunek: herrialde bakoitzak bere segurtasun-estandarrak ditu, eta alde handia dago batzuen eta besteen artean, esaterako, lurrikarei aurre egiteko zentralek bete beharreko baldintzetan.
Hortaz, Europako Batasuneko arduradunek berretsi egin dute, neurri batean, Bunnek eta Heinonenek analisian salatutakoa, alegia, araudiak ez daudela bateratuta. Eta, estres-testetan bezala, analisian ere kontuan hartu dute zentralen aurka erasoak egiteko arriskua. Hala, "sabotaje terroristetatik babesteko" neurriak zorroztea proposatu dute.
Horrez gain, zentraletako langileen trebakuntza hobetzeko pausoak emateko eskatu dute, ezustekoen aurrean (lurrikarak, uholdeak) nola erreakzionatu jakin dezaten. Izan ere, analisiaren egileen ustez, Fukushimako langileak neurri jakin batzuk hartzeko prest izan balira, ez zen hainbeste erradiazio isuriko airera eta itsasora.
Beste proposamen batzuk erakundeei dagozkie zuzenean. Besteak beste, egileek salatu dute Fukushimakoa gertatu zenean, IAEAren erantzuna "ahulegia" izan zela, eta "beranduegi" erreakzionatu zela. Horren aldean, eredugarritzat jo dute Munduko Osasun Erakundeak osasun-larrialdietan izaten duen erantzuteko ahalmena. Gainera, nazioarteko legeak indartzea eta herrialdeen arteko elkarlana sendotzea aldarrikatu dute.
Proposamen guztiak egin ondoren azaldu dute zer ikasgai atera duten Fukushiman gertatutakotik: "Nekez gertatzen direnak baztergarriak direla uste izatea okerra dela da Fukushimaren lezio nagusia". Analisiaren amaieran, garbi adierazi dute nork izan beharko zukeen prebentzio-neurriak zorrozteko eta segurtasuna bermatzeko ardura nagusia. IAEAri egotzi diote ardura hori.
Analisi hori argitaratu zen hilabete berean, beste egile batek lezio bera aipatu zuen zientzialari atomikoen buletinean plazaratutako artikulu batean. Fukushima crisis: Can Japan be at the forefront of an authentic paradigme shift? da artikuluaren izenburua (Fukushima krisia: Benetako paradigma-aldaketa baten abangoardian ote dago Japonia?), eta egilea, berriz, Mycle Schneider da, energia-aholkulari independente bat.
Besteak beste, Belgika, Frantzia eta Alemaniako energia-ministroei eman die aholku Schneiderrek, eta baita IAEAri, eta Estatu Batuetako eta Europako Batasuneko segurtasun nuklearreko erakundeei. Horrez gain, World Nuclear Industry Status Report 2010-2011 txostenaren egileetako bat ere bada.
Mycle Schneiderrek ekuazio bat erabili du lezioa azaltzeko. Ekuazio horren arabera, "arrisku potentzial oso handia bider istripua gertatzeko aukera oso txikiaren emaitza arrisku onargarria da". Alabaina, Schneiderren ustez, ekuazioa okerra dela erakutsi du Fukushiman gertatutakoak.
Horren ondotik, martxotik irailera bitartean krisiak izan duen bilakaera laburtu du (irakurketa nahiko ezkorra da), eta, azkenean, ondorio bat atera du. Fukushimako krisia aukera aproposa dela energia-politika aldatzeko. Izan ere, haren iritziz, Fukushiman gertatutakoak industria nuklearrak zuen egoera okertu baino ez du egin.
Hala, Schneiderrek zenbait datu eman ditu erakusteko industria indarra galtzen ari zela azkenaldian, eta geroztik gainbehera azeleratu egin dela sinesten du. "Une aproposa" da, beraz, aldaketarako, eta ez Japonian bakarrik. Are gehiago, Japonia eta Alemania ikusten ditu aldaketa gauzatzeko abangoardian.
Horretarako, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du Schneiderrek, nahiz eta onartzen duen berriztagarriak nagusitzeko lau arazo konpondu beharko dituela, gutxienez: energia-zerbitzuak emateko gaitasuna izan behar du, eraginkorra izan behar du, deszentralizatua, eta banaketa-sare horizontalak eta malguak izan behar ditu. Hala ere, aldaketaren alde azaldu da Schneider.
Schneiderrek aldarrikatzen duen aldaketa dagoeneko gauzatzen hasia dela iradokitzen du munduko industria nuklearraren egoerari buruzko azken txostenak ( World Nuclear Industry Status Report 2010-2011 ).
Txostenean bildutako datuen arabera, industria nuklearra ahultzen ari da; adibidez, Europako Batasunean, 2011n 143 erreaktore zeuden martxan, eta inoiz ez dira hain gutxi izan, 1989an erreaktore-kopuru handiena izan zenetik, 177rekin. Mundu osoa kontuan hartuta ere, joera bera da: 2011ko apirilean 437 erreaktore zeuden martxan, 2002an baino zazpi gutxiago.
Bitartean, energia-iturri berriztagarriak ari dira hazten gehien. Hala, 2010ean, zentral eolikoetan, hidroelektriko txikietan, eta biomasa eta hondakinak baliarazteko zentraletan instalatutako gaitasunak (381 GW guztien artean) nuklearrena gainditu zuen (375 GW) lehen aldiz.
Gainera, energia-teknologia garbietan inbertitutako dirua % 30 hazi da 2010ean. Txina da liderra, eta ondoren datoz Alemania eta Estatu Batuak (Txinak 41,8 mila milioi euro inbertitu zituen 2010ean, 2009an baino % 39 gehiago; Alemaniak 31,6 mila milioi; aurreko urtean baino % 100 gehiago; eta 26 mila milioi Estatu Batuek, 2009an baino % 66 gehiago). Eta Fukushimako hondamendiak joera indartuko duela uste dute, bai txostena egin dutenek, bai beste aditu askok.
Alabaina, denak ez datoz bat ikasgai horrekin. Iazko abenduan, Yukuya Amano IAEAko zuzendariak adierazpen batzuk egin zituen, eta nahiz eta aitortu zuen Fukushimako "istripuak industria nuklearraren hazkundea moteltzea" ekar zezakeela, esan zuen 2030erako gutxienez orain baino 90 erreaktore gehiago egongo direla aurreikusi dutela.
Aurreikuspen hori egiteko, arrazoi hauek eman zituen: energia-eskaera handitzea, klima-aldaketak sortzen duen kezka, erregai fosilen prezioa eta energia-horniduraren segurtasuna. Are gehiago, IAEAren zuzendariaren esanean, "ezinezkoa izango da berotegi-efektua eragiten duten gasen isuria murriztea", energia nuklearrari uko eginez gero.
Esanak esan, munduko enpresa nuklear handienetako batek, Areva frantziarrak, % 34 txikitu behar izan ditu 2012-2016 eperako zituen inbertsio-planak, eta ahalegin latzak egiten ari da, diru-galerarik ez izateko. Adituen iritziz, bi faktorek eragin dute, batez ere, Arevaren gainbehera: ekonomia-krisiak, batetik; eta energia nuklearraren aldeko zirenen babesa galtzeak, bestetik.
Edonola ere, leziorik gogorrena Japoniako gizarteak jaso du. Lurrikara eta tsunamia izan zirenetik ia urtebete igaro denean, 80.000 herritarrek beren etxeetatik eta lantokietatik kanpo jarraitzen dute, etxeak eta lantokiak zituzten eremua erradiazioak kutsatuta dagoelako; eta are herritar gehiagok bizi-ohiturak aldatu behar izan ditu, osasuna arriskuan ez jartzeko.
Daiichi zentralaren egoerari eta eremu kutsatua leheneratzeko lanei buruzko informazioa, berriz, partziala dela salatu dute behin eta berriro adituek. Nature aldizkariak abenduan argitaratutako editorial batek garbi erakusten du ez direla Japoniako iturri ofizialekin fidatzen.
Halaber, zientzialari independenteen batzorde aholku-emaile bat eratzeko eskatzen du editorialak; izan ere, gobernuak hartutako erabakietan eragin handiena duten erakundeek (Industria Ministerioko Segurtasun Nuklearreko eta Industrialeko Agentzia eta Segurtasun Nuklearrerako Komisioa) interesak dituzte industria nuklearrean. Editorialaren azken hitzak hauek dira: "Japoniak hobeto egin dezake. Japoniako jendeak zerbait hobea merezi du".
Editorial hori plazaratu zen garai berean, Japoniako gobernuak adierazpen ofizial bat egin zuen, Fukushimako Daiichi zentraleko hiru erreaktore egonkortzea lortu zutela jakinarazteko. Zehazki, gelditze hotza ( cold shutdown ) deituriko egoeran sartu zirela azaldu zuen, eta horrekin bukatutzat eman zuen "istripu-fasea".
Izan ere, egoera normalean, horrela dagoen erreaktore bat presio atmosferikoan eta 100 ºC-tik behera dagoela esan nahi du, eta, beraz, ez dagoela berotu eta fisio-erreakzioa bere kaxa hasteko arriskurik. Hori, egoera normalean. Daiichiko erreaktoreen egoera, ordea, oso bestelakoa zen. Horregatik, Japoniako gobernuaren adierazpenak kontrakoa iradokitzen bazuen ere, adituek ohartarazi zuten gelditze hotzak kasu horretan ez zuela esan nahi erreaktoreak egonkor zeudenik eta bere horretan utz zitezkeenik, inondik inora ere.
Bestalde, lehen unean eta gerora ere lanean aritu ziren langileak gogoan izan zituen Japoniako gobernuak bere adierazpenean, eta oraindik asko zegoela egiteko ere onartu zuen, hitz hauekin: "guda ez da amaitu". Badirudi lezio hori, behintzat, ikasi dutela.