Jose Antonio Rodriguez EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea da, eta aitortu du Genetika Medikoa ikasgaian “betikoa” irakasten jarraitzen dutela: “Hau da, jarraitzen dugu esaten sexu-kromosomek definitzen dutela enbrioiaren sexua, eta, zehazki, Y kromosoman dagoen SYR genea dela enbrioi bat ar bilakatzeko giltza. Hortaz, erraza da: XX, emea; XY, arra. Hori da irakasten duguna, eta, kasu gehienetan, hala izaten da. Batzuetan, ordea, errealitatea bestelakoa da, eta beste kasu horiek agerian uzten dute banaketa hori erraza bai, baina errazkeria ere badela zenbaitetan”.
Izan ere, SYR genea giltza den arren, enbrioia eme edo ar bilakatzeko prozesuan beste aldagai batzuek ere parte hartzen dute. Eta horietako edozeinek eragin dezake sexu-kromosomen arabera aurreikus zitekeen bilakaera aldatzea.
Hain zuzen, enbrioiak bost aste dituenean, anatomikoki gizon edo emakume bilakatzeko gaitasuna du. Garatzen ari diren giltzurrunen ondoan gonada bihurtuko diren bi gandor daude, eta haien alboan bina hodi-pare. Hodi-pare batek Falopioren tronpak eta umetokia gara dezake, eta, besteak, gizonezkoen barne-genitalen hoditeria.
Seigarren astean, obarioak edo barrabilak garatzeko prozesua abiatzen da. Hitz gutxitan azalduta, SYR geneak aktibatzen du barrabilen garapena. Hala, SYR genea espresatzen denean, gandor horietatik barrabilak garatzen dira, eta, horrekin batera, Falopioren tronpen eta umetokiaren aurrekari diren hodiak atrofiatzen dira. Bestalde, barrabilek testosterona ekoizten dute, eta, hormona horren eraginez, gizonezkoen barne-genitalen hoditeria garatzen da, eta kanpo-genitalen garapena ere bideratzen da.
Aldiz, SYR genea ez badago edo ez bada espresatzen, obarioak garatzen dira, eta estrogenoa sortzen da. Falopioren tronpen eta umetokiaren bilakaera bideratzen da, eta baita kanpo-genitalena ere, beste faktore batzuekin batera. Hori izaten da prozesua, ia beti.
Ia beti ez da beti, ordea. Nature aldizkariko “Sex redefined” artikuluan bertan gogorarazten dutenez, SYR genea ez da genitalen garapenaren giltza bakarra, urte askoan hala uste izan bada ere. Adibidez, duela 15 urte jakin zen beste gene batzuek (WNT4 izenekoak, esaterako) obarioen garapena sustatzen dutela eta barrabilak garatzeko prozesua eteten dutela. Hala, sexu-kromosomak XY izanik WNT4 genearen aparteko kopia bat dutenek Falopioren tronpak eta umetokia garatzen dituzte, guztiz osatuak ez badira ere.
2011n, berriz, ikertzaileek frogatu zuten, obarioetan espresatzen den RSPO1 genea oker dabilenean, XX duten pertsonek obarioak eta barrabilak garatzen dituztela. Horrelako kasuek agerian uzten dute, beraz, gonaden garapena beti ez datorrela bat sexu-kromosomen arabera espero zitekeenarekin.
Gonaden garapenean ez ezik, hormonen ekoizpenean ere aldaerak gertatzen direla erakusten duten adibide batzuk ere ageri dira “Sex redefined” artikuluan. Esate baterako, sexu-hormona maskulinoen errezeptoreek akatsen bat badute, haurrak alua izaten du, Y kromosoma eta barrabilak eduki arren.
Aldaerak askotarikoak izan daitezkeela aintzat hartuta, sexuaren sailkapena “espektro” gisa hartzea proposatzen du artikuluan Eric Vilain medikuak. Kaliforniako Unibertsitateko Generoan Oinarritutako Biologia Zentroko zuzendaria da Vilain, eta, haren ustez, ikuspuntu biologikotik, espektroaren ideiak hobeto azaltzen du errealitatea, banaketa bitarrak baino.
EHUko Rodriguez ere bat dator sexu-banaketa bitarrak ez duela islatzen genetikoki, fisiologikoki eta anatomikoki dagoen aniztasuna, baina legalki bi aukera baino ez daudela gogorarazi du. “Eta, praktikan, guk ere eskema horri jarraituz ematen ditugu azalpenak gure ikasgaian, onartu du Rodriguezek. “Izan ere, sinplekeria dela jakin arren, kasu gehienetan banaketa bitarra egokia da. Beraz, praktikan, eskema ez da aldatu, eta konplexutasun horretan ez dugu asko sakontzen”.
Espainiako Pediatria Elkarteak, berriz, xehetasunez jasotzen du konplexutasun hori “Anomaliak sexu-diferentziazioan” izeneko txostenean. Txostenaren arabera, gaixotasun arraroen artean daude sailkatuta sexu-diferentziazioan gertatzen diren aldaerak. Horrez gain, kasu horien diagnostikoa eta tratamendua diziplinartekoa izan behar duela zehazten du, eta parte hartu beharko luketen diziplinak zerrendatzen ditu: pediatria, endokrinologia, biokimika, genetika, kirurgia, erradiologia, anatomopatologia, psikologia eta psikiatria.
Nolanahi ere, Rodriguez erabat ados dago Naturen argitaratutako artikuluaren amaieran Vilainek esandakoarekin: “Norbait emakumezkoa edo gizonezkoa ote den jakin nahi baduzu, berari galdetzea izan liteke onena”.
Hain justu, esaldi horretan dago gakoa, Aingeru Mayor sexologoaren iritziz. Chrysalis Euskal Herria haur transexualen guraso-elkartearen lehendakaria ere bada Mayor, eta, harentzat, hori da egin beharko litzatekeena, kasu guztietan.
Dena dela, Nature aldizkarian proposatutakoa “gurpila berriz asmatzea” dela iruditzen zaio Mayorri. Gainera, ez du begi onez ikusten artikuluan nahastetzat jotzea dauden aldaerak.
Horren aurrean, intersexualitatearen kontzeptua azaldu du: “Artikuluan azaltzen direnentzat, sexu-dimorfismoak erreferentzia izaten jarraitzen du, eta ez dute aintzat hartzen sexologian duela ehun urte mahaigaineratu zen kontzeptu bat, oso argigarria eta emankorra dena, hau da, intersexualitatea”.
Havelock Ellis eta Magnus Hirschfield izan ziren intersexualitatearen kontzeptua landu zuten lehen sexologoak, eta, haien arabera, gizonezkoek zein emakumezkoek, denok ditugu bi sexuetako ezaugarriak, eta horrek sortzen du aniztasuna. “Hortaz, hori da sexologian intersexualitatea, eta ez, batzuek uste duten bezala, organo genital anbiguoak izatea”, argitu du Mayorrek.
“Kontzeptu horren arabera, dikotomia gisa ikusi beharrean sexua, continuum gisa hartzen da. Horrela, sexuan dagoen aniztasuna esplikatzen da”, dio Mayorrek. Haren ustez, beste diziplinek ere kontzeptu horrekin egingo balute lana, askoz ere hobeto ulertuko lituzkete nahastetzat jotzen dituzten kasuak, eta ez litzateke arazorik egongo aniztasuna onartzeko eta esplikatzeko.
Gizartean ere sexu-dikotomia da erreferentzia. Horren aurrean zer egin daitekeen galdetuta, Mayorrek argi du: “Guk egin dezakeguna da sexua iragarri. Eta ez naiz genital anbiguoak dituzten kasuez ari, horiek zailagoak izan baitaitezke; gehiengoaz baizik. Alegia, esan dezakegu haur bat, zakilarekin eta barrabilekin jaiotzen bada, probabilitate handiz mutila izango dela; eta alua badu, berriz, neska izango dela seguru asko”.
Baina bat aipatu du, ordea: “Ikerketa askok esaten dute iragarpen hori okerra izango dela 15.000 kasuetatik batean, eta ikerketa berrienek oker egoteko are aukera handiagoa dugula diote: 1.500 kasuetatik batean, hain zuzen ere. Garbi dago azterketa gehiago egin behar direla, zenbatetan gertatzen den jakiteko, baina, edozein modutara, hasieran egindako iragarpena ez da zuzena izango zenbaitetan”.
Orain, jaioberriei sexua “ezarri” egiten zaiela esan du Mayorrek. “Jaioberritan, kanpo genitalak zein diren, haurra mutil edo neska sailkatzen da, eta sailkapen horretatik ateratzea oso zaila izango zaio. Horren arabera biziko da: txiza egitera komun batera edo beste batera joan beharko du...”
Kasu gehienetan, horrek ez duela arazorik sortzen adierazi du Mayorrek: “Bat datozenean ezarri zaion sexua eta bere benetako sexua ez dago arazorik”. Baina batzuetan ez da hala gertatzen: “Arazo handia sortzen zaigu ezarritakoa eta berak sentitzen duena bat ez datozenean. Izan ere, gizarte honetan dagoen ikuspegia da haurra edo gaztea nahastuta dagoela, eta bideratu egin behar dela, erakutsi behar zaiola zein den bere sexua, alegia, organo genitaletan oinarrituta ezarri zaion horrekin bat egin behar duela”.
Hori aldatzeko, sexologoen ekarpena honakoa izan daitekeela proposatu du Mayorrek: “Haurra jaiotzen denean, sexua ezarri beharrean, iragarri egingo genuke, argi izanik iragarpen bat egiten ari garela. Eta edozein unetan ohartzen bagara okertu egin garela, hori onartu, eta agirietan hasieran jarritakoa aldatu egingo genuke, etxebizitzaz aldatzen garenean helbidea aldatzen dugun bezalaxe”.
Horrekin batera, Mayorrek uste du premiazkoa dela ikuspegi hori gizartean hedatzea. Hain zuzen, iragarpena oker dagoen kasuetan, oso garrantzisua da gurasoek haurra laguntzea. “Alabaina, gurasoek ez badute ikuspegi hori, ezingo diote lagundu, eta haiek izango dira lehenak ukatzen haurraren izaera. Izan ere, pertsona batentzat neska edo mutila izatea, edo emakume edo gizon izatea, funtsezkoa da bere izatean. Hortaz, berez dena ukatzen zaionean, traba izugarria jartzen zaio ongi bizitzeko”.
Mayorrek proposatutako paradigmaren arabera jokatuz gero, ez litzateke horrelako arazorik sortuko, ezta kanpo-genitalak anbiguoak direnean ere: “Orduan ere berdin egingo genuke: saiatu iragartzen zein sexutakoa den, eta itxaron haurra hazi eta esan ahalko digun arte neska edo mutila den, guk jakiteko”.
Horretan, beraz, bat datoz adituak: norbaiten sexua jakin nahiez gero, onena, berari galdetzea.