Basoak mendiko lantegi

Imaz Amiano, Eneko

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Pagadi zoragarri batean gaude. Horiek bai pagoak, guztiak lerden-lerdenak, osasuntsuak, zuzenak. Hankak orkatiletaraino sartzen dira orbel-geruza lodi eta gozoan. Hau bai baso ederra; natural-naturala, pinudiak ez bezala. Txoriak ere ugari. Txoriak? Beti txori bera entzuten da eta. Bai arraroa; tira, gaur egun txarra izango dute! Edo ez? Ez al da baso hau uste baino kaskarragoa izango? Egurretarako ustiatuko ote dute? Ez, ez, hau baso natural-naturala dugu. Baina, hara! Motozerra-soinua ere badugu eta aurreko magalean!
J. Larrañaga

Galdetzera joan eta ezustekoa; baso hau ez da, inolaz ere, ustiatu gabe utzita balego izango litzatekeena. Izan ere, basogintza naturala, hala deitu arren, ez da gizakiaren esku-hartzerik ez duena. Bai, ordea, basoko landare eta animalien kontserbazioarekin bateragarria den eta baso naturalen egitura imitatzen saiatzen den basogintza. Zuhaitz berriak basoan dauden ale helduen hazietatik sortutakoak izaten dira.

Basogintza naturalean basoen funtzio aniztasuna, hau da funtzio ekologikoa, soziala eta ekonomikoa, ongi betetzen dira. Beraz, pagadi hau ez dirudi basogintza naturalaren eredu denik. Polita bai, ekonomikoa eta soziala ere izango da, baina ez da oso ekologikoa, erabat homogeneoa, monoespezifikoa eta batere sastrakarik gabea baita.

Basogintza artifizialean, berriz, bizidun-komunitateak nabarmen aldatzen dira; zuhaitz guztiak adin berekoak dira eta mozte-garaira iristen direnean bukatzen da haien zikloa, hau da, landare berriak ez dira bertako zuhaitzen hazietatik sortzen, landatutakoak dira. Gainera, basogintza artifizialak, gehienetan, basoaren funtzioak ahaztu eta ikuspegi ekonomista hutsa erabiltzen du, zuraren ustiapena bakarrik hartuta kontuan.

Ekologikoki oso garrantzitsua da basoek dibertsitate estrukturala izatea, hau da, altuera eta adin desberdinetako landare eta zuhaitzak, sastrakak, argiuneak izatea.
E. Imaz

Gure mitoa osatzen zuten pagadietako asko ikuspuntu erabat ekonomikoekin ustiatzen dira, artifizialak dira, nahiz eta espezie autoktonoak erabiltzen diren eta landarean hazietatik sortzen diren. Hala ere, badira basogintza naturalean eta artifizialean tarteko egoerak.

Basogintza-teknikak

Basoa ustiatzeko teknikak bi multzotan sar daitezke, oro har: sail edo partzelatan zuhaitz guztiak eraisten direneko teknikak eta entresaka edo bakantzeen bidezkoak. Batzuk edo besteak erabiltzea ustiatuko den espeziearen, ingurune fisikoaren eta lortu nahi diren helburuen araberakoa izaten da.

Tekniketako bat sail jakin bateko zuhaitz guztiak ipurditik bota eta lurra soiltzea da, matarrasa esaten zaiona. Balio ekonomikoa duten zuhaitz guztiak bota ondoren, ahal den guztietan makina astunak erabiltzen dira gainerako landaredia eta motzondoak ezabatzeko. Horrelakoetan, lurraren gaineko geruza ere ezabatzen da, edo, gutxienez, harrotu egiten da. Makina astunik erabiltzerik ez dagoenean, eskuz egiten dira soiltze-lanak eta lurraren gaineko geruza ez da horrenbeste kaltetzen.

Intsinis pinua da kanpotik ekarritako espezieen artean etekin gehien ematen duena.
E. Imaz

Teknika intentsiboa da, oso. Bizkaian eta Gipuzkoan intsinis pinudietan erabiltzen da, ahal den guztietan makina astunen bidez. Arabako eta Nafarroako pagadietan eta iparraldeko Iratiko pagadiaren zati batzuetan, Arabako eta Nafarroako pinu gorrien basoetan eta intsinis pinua oso toki malkarretan dagoenean, zuhaitz guztiak eraitsi eta gainerako landaredia ezabatzen da, baina eskuz, eta ez da lurrik harrotzen edo motzondorik kentzen.

Gainera, pagoen eta pinu gorrien basoetan, askotan ez da zuhaitzik landatu beharrik izaten, lurreko haziak erneta sortzen baitira landare berriak. Horrela sortzen dira Nafarroako hainbat tokitan ikusten diren pagadi ‘zoragarriak’; azpitik garbi-garbiak –balio ekonomikorik ez duen guztia kenduta– eta adin bereko pago ‘lerdenek’ osatuak. Ekologikoki nahiko pobreak izaten dira; askotan intsinis pinudiak baino pobreagoak.

Eukaliptoen kasuan ere ez da landare berriak landatu beharrik izaten, erraz ematen baititu kimu berriak motzondoetatik, hiru alditan gutxienez. Bai hazitik sortutako landareetan eta baita eukalipto-kimuen kasuan ere, aleak bakandu egin behar izaten dira hazi ahala.

Aukeran hobe espezie autoktonoak erabiltzea, baina horrek ez du kudeaketa egokia ziurtatzen, berdin-berdin sorrarazten baitira biodibertsitate gutxiko basoak.
J. Larrañaga

Matarrasaren teknikak baditu abantailak ustiapenaren ikuspuntutik: zuhaitz guztiek adin bera dute eta hazkunde-garaian basoan lanak egitea errazagoa da, lanetako asko mekanikoki eginda eskulana eta dirua aurrezten baita. Ustiatze-modu errentagarriena da, batez ere kanpoko espezieak, aloktonoak, lantzen direnean, horietan normalean ez baita basoen bestelako funtziorik kontuan hartzen.

Desabantailak ere baditu, ordea, batez ere ekologiari dagokionez: lurraren goiko geruza galdu egiten da, makinak eraman duelako edo euriak eraman duelako; gainerako landare guztiak eta materia organiko hila ezabatzen da; eta baso erabat monoespezifikoak, adin bereko zuhaizdunak eta zuhaitz zaharrik gabekoak sortzen dira (berdin pinudiak zein pagadiak). Horien ondorioz, materia organikotan aberatsena den lurraren geruza galdu eta higadura areagotu egiten da; basoaren aniztasun estrukturala galtzen da, eta, azkenik, aniztasun biologikoa galtzen da. Gainera, epe luzera, hainbat zikloren buruan, lurra falta izatera edo lurra agortzera irits daiteke.

Gaur egun legeak debekatu egiten du 45-50 gradu baino gehiagoko maldetan makina astunak erabiltzea eta lurra harrotzea.

Hego Euskal Herrian 1.500 bat enpresak dihardu zuraren inguruan lanean (baso-jabeak eta altzari-dendak kontuan hartu gabe). (Argazkia: E. Imaz).

Beste teknika-multzoa entresaka edo bakantzeen bidezkoa da. Ustiaketa-modu estentsiboagoa da, baina intentsitate-maila desberdinak daude.

Kasu batzuetan, adin eta egitura jakin bateko zuhaitzak soilik botatzen dira han-hemenka. Eraitsitako zuhaitzak utzitako hutsunean zuhaitz berriak ernetzen dira, eta, beraz, horrela ustiatutako basoek nahiko dibertsitate estruktural handia izaten dute, adin desberdinetako zuhaitzak eta sastrakak ere izaten baitira tartean. Presio gutxienetakoa jasaten duen ustiaketa da; ikuspuntu ekologikotik egokienetakoa, beraz, baina baita garestienetakoa ere zuraren ustiapenari soilik begiratuta. Euskal Herrian ez dago horrela ustiatutako basorik, apenas.

Bakantzeak egiteko beste modu bat zuhaitzak sailka botatzea da, baina inoiz ez guztiak batera. Saileko zuhaitz batzuk bertan uzten dira haziak eman ditzaten eta horietatik zuhaitz berriak sor daitezen. Basoa horrela ustiatzen denean, saileko zuhaitzen % 90 botatzen da gehienez, dauden zuhaitzen egokitasunaren arabera. Ondorioz, basoan adin desberdinetako zuhaitzak dituzten sailak sortzen dira eta basoan gutxieneko aniztasun estrukturalari eusten zaio, sailka bada ere. Basoan horrela sortzen diren argiuneetan zuhaitz berri ugari hazten da, guztiak estu-estu.

Kanadan soilune handiak egiten dituzte matarrasa bidez, baina horiek, urteko, baso-azalera osoaren % 0, 32 dira.

Urteak pasa ahala bakandu egiten dira eta zuhaitzetarako egokienak uzten dira. Nafarroan, esaterako, horrela ustiatzen dira pagadi asko.

Historia eta jabetzaren eragina

Arrazoi historikoak (desamortizazioak eta populazio-dentsitatea nagusiki) izan dira gaur egungo egoerara ekarri gaituztenak. Baina, historiak historia, egungo egoerak zerikusi handia du basoen kudeaketarekin. Bizkaian eta Gipuzkoan jabego pribatua da nagusi, eta, Gipuzkoan, esaterako, baso-jabe partikularren % 80k baino gehiagok bi hektareaz azpiko pinudiak ditu. EAEko partikularren batezbesteko baso-azalera 8,5 ha da. Horrek asko zailtzen du bailara, eskualde edo bestelako azalera handiko kudeaketa egitea: jabe bakoitza bere kasa aritzen da eta ia ezinezko bilakatzen da mendietan irizpide ekonomikoa ez den besterik kontuan hartzea. Gaur egun, basoen ustiaketa-planak derrigorrezkoak dira lurralde batzutan, baina 20 ha-tik gorako sailetan soilik.

E. Imaz

Arabako zenbait baso eta iparraldeko eta Nafarroako baso gehienak, ordea, erabilera publikoko basoak dira, eta hedaduraz handiagoak dira. Ondorioz, kudeaketarako aukera gehiago eskaintzen dute eta ikuspuntu ekologikotik begiratuta kudeaketa-mota egokiagoak egiteko aukera ematen dute, basoen funtzio-aniztasuna kontuan hartuta.

Teknika desberdinek biodibertsitatean eta lurrean duten eraginaz gain, bada zeresana ematen duen beste gai bat ere: mendiko pistena, alegia. Normalean ustiaketa intentsiboetan pista gehiago egin eta erabiltzen da. Gainera, ustiatutako sailak txikiak direnean, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen den moduan, pista-kopurua asko emendatzen da, sail bakoitzak berea egiten duelako. Pistak egoera onean daudenean eta sare planifikatu eta egokia osatzen dutenean oso erabilgarri izan daitezke basoen ustiaketan, suteei aurre egiteko eta abarretarako.

Matarrasaren ondoren lurra arrotzen bada, higadura-arazoak eta lur-galera gerta daitezke. Hori eragozteko moduetako bat lurra ez soiltzea da.
Lehenengo argazkia: E. Imaz

Askotan, ordea, ez dituzte kondizio horiek betetzen eta arazoak ere sor ditzakete: urak desbideratu eta higadura-puntu bilaka daitezke, ibilgailuen gehiegizko sarrera erraztu dezakete eta lurra zatikatzen dute, besteak beste.

Finlandia eta Kanada

Ez da, noski, Euskal Herria basogintzan diharduen herrialde bakarra. Basogintza-ereduak ere asko dira, baina badira basogintzaz hitz egitean askotan entzuten diren ereduak. Espezie aloktonoak ustiatzen dituztenen artean, Zeelanda Berrian eta Txilen intsinis pinua landatzen dute, eta haiek dira Euskal Herriko intsinisaren lehiakide nagusiak.

Era berean, herrialde haietako haziak ere erabiltzen dira hemen landatzeko, eta, bide batez, dibertsitate genetikoa areagotzeko. Landetako itsas pinuak ere lehia gogorra egiten dio hemengo kalitate baxueneko pinu-egurrari. Guztietan metodo intentsiboa erabiltzen dute basoa ustiatzeko, matarrasa alegia, eta ikuspuntu ekonomikoa da nagusi intsinis pinudietan. Euskal Herriko intsinis pinudietan bezalatsu.

Bestalde, Kanada eta Europa iparraldeko herrialdeak, Finlandia kasu, egur-ekoizle handiak dira. Azken horietan bertako espezieak erabiltzen dituzte, baina normalean oso ustiaketa-modu intentsiboak dira nagusi. Hala ere, tokian tokiko espezieak ustiatzeak aukera ematen die ikuspuntu ekologikoak kontuan hartzeko, Nafarroan pagadiekin gertatzen den legez –ez, ordea pinu gorrien basoekin–.

Finlandian, esaterako, bi hektareatik beherako sailak soiltzen dituzte aldiko –horretan Euskal Herriko pinudi-ustiaketen antza du–. Soildu ondoren lurra goldatu egiten dute –kontuan izan herrialde lau-laua dela–. Ondoren, batzuetan, Nafarroako pagadien antzera, zuhaitz batzuk uzten dituzte hazitarako eta beste batzuetan landatu egiten dituzte edo sailaren ondoko zuhaitzetako haziez baliatzen dira; espeziearen arabera izaten da.

Dena den, askotan, enbor hil edo ustel guztiak bertan uzten dituzte. Zuhaitz berriak indartu direnean, inguruko landaretza ezabatzen dute lehia gutxitzearren. Urte batzuk geroago lehen entresakak egiten dituzte, baina lurraren ezaugarrien araberakoak: lur pobreenetan pinuak soilik uzten dituzte eta lur aberatsagoetan izeiak eta hostozabalak. Tarteka, balio ekologiko bereziko guneak ustiatu gabe uzten dituzte.

Finlandiako hainbat basotan bertan uzten dituzte zuhaitz heldu batzuk eta egur hila.

Kanadan ere ustiaketa oso intentsiboa da, eta azalera handietan egiten da. Dena den, errepideetatik eta herrietatik gertu dauden tokietan soilgune txikiagoak egiten hasi dira, ikusizko inpaktua gutxitze aldera. Eta badago beste desberdintasun bat ere: Kanadak 309,8 milioi baso-hektarea ditu. Horietatik 294,7 milioi babestu gabe daude, eta, beraz, ustiagarriak dira. Baina 144,6 milioi hektarea ‘soilik’ jotzen dituzte bertara iristeko modukoak; hots ustiatzeko modukoak. Eta horietatik guztietatik milioi bat hektarea inguru soiltzen dituzte urtero –Frantziako Landetako basoen azalera, gutxi gorabehera–. Izugarri, baina oso gutxi duten azalerarekin alderatuta, eta horrek aukera ematen du ondo planifikatuz gero gauzak txukun egiteko.

Intsinis pinua

E. Imaz
    Jatorriz Kalifornia erdialdekoa da. Gaur egun naturan hiru gunetan soilik ageri da: San Mateo eta Santa Cruz-en, Monterrey-n eta San Luis Obispo-n. Berez ez ditu baso handiak eratzen, eta zenbait tokitan babestuta ere badago.
    XIX. mendearen bukaeran landatu zituen Adan de Yarza markesak lehen pinuak Lekeition. Gaur egun, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien ustiatzen den espeziea da, baita azaleraz hedatuena ere.
    Debabarrenan eta Plentzia-Mungia arteko lerroan daude kalitate oneneko basoak, 500-600 metrotik behera; kaskarrenak Gipuzkoako ekialdean eta Bizkaiko hegoaldean.
    Duela 20 urte pinu gehiena paper-fabriketara bideratzen zen, askotan, 20-25 urterekin moztuta. Gaur egun pinu-egurra zerrategietara bidaltzen da gehien; 35-40 urterekin botatzen da diametro handiagoak eskuratzeko. Hainbat jabek gehiago inausi eta zaindu ere egiten dute, adabegi gutxiagoko zurak kalitate hobea duelako eta, beraz, garestiago saltzen delako.
    1982an hobekuntza genetikoko programa bat jarri zuten abian. 80 pinu produktiboenak aukeratu zituzten, eta horietatik abiatu zuten hobekuntza genetikoa, bai kimuen ekoizpenarekin bai eta klonazioarekin ere. Geroago, bigarren aukeraketa bat egin zuten, eta pinu osasuntsuenak sartu zituzten programan, gaixotasun eta izurriekiko erresistentzia areagotzeko. Era berean, pinu-zuraren tratamenduak eta erabilera berriak ikertzen dituzte.
    Zeelanda Berria, Txile, Australia, Hegoafrika, Euskal Herria eta Portugalgo iparraldea dira intsinis-ekoizle nagusiak.
    Oro har, pinudiek hegazti-dibertsitate txikiagoa izaten dute harizti-pagadiekin alderatuta, nahiz eta dentsitatea handiagoa izaten den. Landare-dibertsitatea ere txikiagoa izaten da.

Zura ziurtagiriarekin

Labelak eta ziurtagiriak produktu askotan ikusten ditugu kalitatearen adierazle gisa. Eta zurak ere badu berea; baditu, zuzenago esateko:

    FSC ziurtagiria (Forest Stewardship Council). Ez ditu basoak ikuskatzen. Aitzitik, basoen kudeaketa edo zuraren eraldaketa-prozesuak ikuskatzen dituzten erakundeak akreditatzen ditu. Helburua zera da: zura egoki kudeatutako basoetatik datorrela ziurtatzea; hau da, basoen kudeaketa ingurumen aldetik egokia, sozialki onuragarria eta ekonomikoki bideragarria izan dela ziurtatzea.
    25 estatutako 130 elkartek sortu zuten 1993an, Toronton. Orduz geroztik 60 estatutako baino gehiagotako 42 milioi hektarearen ziurtagiria eman dute. Gaur egun, ikuskatu dituzten basoen % 83 Europan (% 40 Polonia eta Suedia artean), Kanadan eta AEBetan daude.

    PEFC ziurtagiria (Promoting Sustainable Forest Management). Basogintzaren nazioarteko egiaztatze-irizpide bateratuak sustatzeko sistema da PEFC sistema. Ziurtagiria eskatzen dutenek hirugarren erakunde baten ikuskaritza gainditu behar dute PEFC sistemaren araberako ziurtagiria jasotzeko. Egurra, zura eta papera jasangarritasun-irizpideen arabera kudeatutakoak direla ziurtatzea da helburua.
    1999an sortu zuten Parisen, Europako 11 estatutako ordezkariek. Gaur egun, munduko 28 estatutako egiaztatze-sistemek egiten dute bat PEFC sistemarekin eta 52 milioi hektarea kudeatzen dituzte.

FSC ziurtagiria sustatzen dutenek PEFCaren irizpideak arinagoak direla diote, eta, hein handi batean, itxurakeria hutsa dela, FSCa lortzen ari zen balio erantsiari aurre egiteko.

Aitzitik, PEFCa sustatzen dutenek diote FSCa irizpide ekologisten araberakoa dela; baliagarria izan daitekeela garatze-bidean dauden herrialdeentzat, baina ez dela Europaren moduko egoerara egokitzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila