2017/03/01
325. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Antisorgailu hormonalak eta depresioa: erlazioa aztergai
Hamalau urtez, 15-34 urteko milioi bat neska eta emakume baino gehiagoren datuak bildu dituzte Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaileek. Hauxe zen ikerketaren helburua: argitzea ea harremanik ba ote dagoen antisorgailu hormonalak hartzearen eta depresioa izateko joeraren artean. Erantzuna baiezkoa izan zen. Lorea Barinaga-Rementeria Zabaleta ginekologoak eta Amaia Vazquez Eguzkitza sexologoak aztertu dituzte ikerketa hartan bildutako datuak eta ateratako ondorioak.
Arg. Warongdech/Shutterstock.com
Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaileek zuzendutako ikerketa orain arte gai horretaz egindako zabalena da. Hain zuzen, batez beste 6,4 urtez aztertu zuten emakume bakoitza, eta, datuak bildu eta aztertzean, hainbat aldagai hartu zituzten kontuan, hala nola erabiltzailearen adina eta antisorgailu-mota: haren konposizio hormonala (estrogenoak eta progestagenoak konbinatuta edo progesterona soilik), dosia eta hartzeko modua (aho bidezko pilula, txaplata, larruazalpeko inplantea, eraztun baginala, UBG edo umetoki barneko gailua...).
Depresio-arriskua neurtzeko, berriz, bi datu jaso zituzten: depresioa diagnostikatu zitzaien lehen aldia eta antidepresiboak hartzen hasi zirenekoa. Aipatzekoa da ikerketan parte hartu zuten emakumeek ez zutela aurrez depresiorik ez beste asaldura psikiatrikorik izan.
2000-2013 bitartean jaso zituzten datuak, eta 2015-2016an aztertu. Emaitzak Journal of the American Medical Association Psichiatry aldizkarian argitaratu zituzten, eta, ondorioetan, hauxe azpimarratu zuten: antisorgailu hormonalak hartzearen eta lehen aldiz depresioa diagnostikatu edo antidepresiboak hartzearen arteko erlazioa bereziki nabarmena da gazteenen artean (15-19 urte), eta, batez ere, progesterona hutsa duten aho bidezko antisorgailuak hartzen dituztenengan.
Datuen arabera, parte hartu zuten emakumeen erdiek baino gehixeagok (% 55,5) antisorgailu hormonalak hartzen zituzten. Guztira, 23.077 emakumeri diagnostikatu zitzaien depresioa lehen aldiz, eta 133.178ri agindu zitzaizkien antidepresiboak.
Adinari erreparatuta, gazteenek erakutsi zuten antidepresiboak hartzeko arrisku handiena: lehen aldiz antidepresiboak kontsumitzeko arrisku erlatiboa 1,8koa izan zen aho bidezko antisorgailu konbinatuak hartzen zituztenen artean, eta 2,2koa progestagenoa soilik zuten antisorgailuak hartzen zituztenentzat. Adinean aurrera egin ahala, arrisku erlatiboa txikitu egiten zen.
Amaia Vazquez Eguzkitza. Sexologoa eta psikologoa.
Sexu-hormonak eta emozioak elkarrekintzan
Amaia Vazquez sexologoak ez du zalantzan jartzen antisorgailu hormonalek depresioa izateko arriskua areagotzen dutela. Izan ere, ezagutzen dituen beste ikerketa batzuetan ere aipatzen dute ondorio hori, eta bere esperientzia klinikoan ere ezagutu ditu halako kasuak. Depresiora iritsi gabe ere, aldartea iluntzea oso ohikoa izaten dela adierazi du, “baita antsietatea izatea eta libidoa galtzea ere”.
Vazquezen ustez, horrek badu azalpena: “Jakina da elkarrekintza estua dagoela sexu-hormonen eta aldartearen eta emozioen artean. Hortaz, alde horretatik, erabat logikoak dira ikerketa horretan jasotako emaitzak. Antisorgailu hormonalak hartzen ez dituztenetan ere, elkarrekintza hori agerikoa da prozesu fisiologikoetan; adibidez, hilekoaren zikloan eta menopausian”.
Depresiorako joeraren kasuan, gakoa serotonina izan daitekeela uste du Vazquezek: “Badirudi antisorgailuek duten progesteronak serotonina-maila jaisten duela. Eta serotonina-maila baxua, berriz, depresioa izateko arriskuarekin erlazionatuta dago”.
Bestalde, Vazquezek ohartarazi du batzuetan antisorgailu hormonalak ez direla haurdunaldia saihesteko hartzen, baizik eta hilekoaren mina eta beste asaldura batzuk tratatzeko. Ez da horren aldekoa: “Niretzat, izaki emozionalak gara. Emozioak eta gorputza elkarri lotuta daude; beraz, emakume baten gorputzean horrelako sintomak agertzen direnean, aztertu behar da zer gertatzen zaion, jakiteko zergatik dituen hileko mingarriak edo irregularrak. Hormonak ematea ez da irtenbidea”.
Lehen aldiz antidepresiboak hartzeko arriskua antisorgailu-motaren arabera, antisorgailurik hartzen ez dutenekiko.
Gazteenek arrisku handiena
Ikerketaren arabera gazteenak izatea depresioa izateko arrisku handiena dutenak ere ez da harritzekoa Vazquezentzat: “Gazteengan, bai sistema endokrinoa bai garuna erabat asaldatuta daude. Izan ere, neskak progesterona eta estrogenoa sortzen hasten direnean, hormona honek garuna inbaditu egiten dute. Inbasio hori beharrezkoa da sexu-garapenerako, baina desoreka handia egoten da. Horregatik izaten dituzte nerabeek horrelako gorabeherak aldartean. Iraultza bat da, biologikoa eta emozionala, eta horri guztiari gehitzen badiogu antisorgailu hormonal bat, serotonina-maila jaitsi dezakeena, atea irekitzen dugu depresioa izateko”.
Horregatik guztiagatik, Vazquezek ez ditu gomendatzen antisorgailu hormonalak 21 urte bete arte, hau da, obulutegiak heldu eta sistema orekatzen den arte. Orain, oso kezkatuta dago hiru hilez etenik gabe ahotik hartzen den antisorgailu merkaturatu berriarekin: “Ni beldur naiz, zabaltzen bada, depresio, antsietate eta halakoen gorakada ikusiko dugula”.
Beste aditu batzuek, ordea, nabarmendu dute antisorgailuak hartzen dituztenen eta ez dituztenen arteko aldea ez dela hain handia, eta zalantzan jarri dute esanguratsua ote den. Edonola ere, arreta piztu du, eta baliteke gehiago ikertzeko bultzada bat izatea, ikertzaileek beren artikuluan eskatzen duten moduan.
Lorea Barinaga-Rementeria Zabaleta (Ginekologoa): “Antisorgailuaren konposizioak bakarrik ez, badirudi hartzeko moduak ere aldatzen duela depresioa izateko eta antidepresiboak hartzen hasteko arriskua”
Lorea Barinaga-Rementeria ginekologoa da, eta Osakidetzako anbulatorio bateko kontsultan egiten du lan. Alegia, harreman zuzena du emakumeekin, eta ondo ezagutzen ditu antisorgailuak eta haien ondorioak. EHUko irakasle ere bada. Danimarkan egindako ikerketaz hitz egin dugu harekin.
Ikerketak antisorgailu hormonalen eta depresiorako joeraren arteko korrelazioa erakusten du. Emaitza hori bat dator zuek dituzuen datuekin eta esperientzia klinikoarekin?
Bai, bat dator. Antisorgailu hormonaletan, bai estrogenoa eta progesterona dituztenetan eta bai progesterona bakarrik dutenetan, deskribatuta dauden albo-ondorioetako bat depresioa da. Depresioaz gain, badaude beste sintoma neurologiko-psikologiko batzuk: buruko mina, suminkortasuna eta libidoaren jaitsiera. Hori deskribatuta dago eta jakina da.
Nik ez dut gogoan kasurik, argi eta garbi, pilulak hartzen hasi eta horren ondorioz depresioa izan duenik. Bai, ordea, beste albo-ondorio horiek: buruko mina, suminkortasuna eta libidoaren jaitsiera. Horiek emakumeek kontatzen dizkigute kontsultan noizean behin.
Kasu horietan zer egiten da? Aldatu egiten da antisorgailu-mota?
Lorea Barinaga-Rementeria Zabaleta
Kasu bakoitza aztertu behar da. Ikusi egin behar da zer albo-ondorio den, zer eragin duen eta emakumeak zer nahi duen. Adibidez, buruko mina bada, saiatzen gara antisorgailu-mota aldatzen, hormonalak kendu eta beste mota batekoak jartzen.
Beste sintomekin (suminkortasuna, libidoaren jaitsiera), azaltzen dugu antisorgailuak eragindakoak izan daitezkeela, eta emakumearekin batera erabakitzen dugu zer egin: antisorgailu hormonalen barruan beste mota bateko bat (konposizio edo hartzeko bide ezberdinekoa) probatu edo ez hormonal batera aldatu.
Bestalde, kontuan izan behar da kasu askotan antisorgailu hormonalak hartzeko arrazoia ez dela bakarrik antisorgailu-eragina, zenbait gaixotasunetan tratamendu gisa hartzen direla. Adibidez, hilekoaren odol-isuria gehiegizkoa denean edo hilekoak min handia eragiten duenean, endometriosian adibidez. Kasu horietan, beste tratamenduek huts egin badute, balantzan jarri behar dira antisorgailuek sortutako albo-efektuak eta onurak, eta erabakiak hartu.
Zer arrazoi egon daiteke eragin horiek gertatzeko, edo zer mekanismoren bidez azal daitezke antisorgailuen hormonek sortzen dituzten eragin neurologikoak?
Sexu-hormonak, estrogenoak eta progesteronak, antisorgailuetan daudenak, hipotalamo-hipofisi-obulutegi deitzen den ardatzaren parte dira. Hipotalamoa eta hipofisia garunean daude. Eta elkarrekintza dago garunean dauden neurotrasmisoreen eta hormona batzuen eta estrogenoaren eta progesteronaren artean. Adibidez, serotonina, dopamina, prolaktina... Horiek zerebroan jariatzen diren neurotransmisore eta hormonak dira, eta eragina dute hipotalamo-hipofisi-obulutegi ardatzean, eta, alderantziz, estrogenoak eta progesteronak ere eragina dute neurotransmisore eta hormona horietan.
Esaterako, emakume batzuk, estres-maila gorena dutenean edo tratamendu psikiatrikoak hartzen dituztenean, hilekorik gabe geratzen dira edo irregulartasun handiak dituzte hilekoan. Eta alderantzizko efektua ere gerta daiteke, eta naturalki gertatzen diren bi prozesutan ikusten dugu hori. Menopausia-garaian, hasieran batez ere, estrogenoak eta progesterona jaitsi egiten dira, eta, ez beti, baina nahiko arrunta da emakumeek beren burua triste nabaritzea, suminkorrago egotea… Bestalde, hilekoaren zikloaren bigarren fasean, hilekoaren aurreko nahastearen barruan, suminkorrago edo tristeago egotea nahiko arrunta da.
Txaplatak aho bidezko antisorgailuak baino arrisku handiagoa du depresioa eragiteko, ikerketaren arabera. Arg. KFF
Adibide horiek erakusten dute naturalki badagoela erlazioa obulutegiko hormonen eta egoera emozionalaren artean, hau da, estrogenoak edo progesteronak edo biek, garuneko zentro kognitibo edo emozionaletan edo bietan eragina dute, eta funtzio horietan eragiten dute.
Nahiz eta depresioa izateko arriskua antisorgailu hormonalen albo-ondorioetan jasota dagoen, ikertzaileek esaten dute beren ustez gehiago ikertu beharko litzatekeela elkarrekintza hori. Zu ere bat zatoz haiekin?
Bai, ikertzea beti da beharrezkoa, ez ikertzea ikertzeagatik, baizik eta helburu batekin.
Hasteko, hau ikerketa bat da, eta duen balioa eman behar zaio, ez gehiago eta ez gutxiago. Albo-efektu batez ohartarazten gaitu, arriskua ez da handia, baina hor dago, eta adin talde batean (15-19 urte) altuagoa dela dirudi. Datu horiek baieztatu egin behar dira ikerketa gehiagorekin.
Bestalde, badago ikerketa honek azaleratzen duen beste datu bat: antisorgailuaren konposizioak bakarrik ez, hura hartzeko moduak ere aldatzen du depresioa izateko eta antidepresiboak hartzen hasteko arriskua. Txaplataz eta eraztun baginalaz ari naiz (estrogenoa eta progesterona dituzte, eta larruazaletik edo baginatik hartzen dira), eta larruazalpeko inplanteaz eta UBG edo umetoki barneko inplanteaz ere bai (progesterona bakarrik dute, eta larruazalpetik edo umetokitik hartzen dira). Metodo horiek denek, aztertzen ari garen arriskua altuagoa dute, estrogenoak eta progesterona orokorrean hartuta baino gehiago, eta progesterona bakarrik hartuta baino gehiago.
Danimarkan egindako ikerketak iradoki duenez, gazteenek dute depresiorako arrisku handiena, antisorgailu hormonalen erabileraren ondorioz.
Bai txaplata, bai eraztun baginala, bai progesteronazko UBGa nahiko berriak dira antisorgailu huts gisa. Hartzeko bidea da berria, eta berri horiek dira, hain zuzen, albo-ondorio gehien dituztenak. Nik uste dut hori ere gehiago aztertu behar dela. Izan ere, badituzte alde onak. Antisorgailua ongi hartzea asko errazten dute. Txaplata astean behin jartzen da; eraztun baginala, hilean behin; eta UBGa eta inplantea ginekologook jartzen ditugu, eta hiru urterako balio dute. Hori oso positiboa da. Baina, albo-ondorio batzuk gehiagotan azaltzen badira, ikertu egin behar da zergatik eta zenbateraino.
Ikerketa honetan aipatzen da agian hormona-dosiarengatik izan daitekeela. Berez, horiek denek dosi baxua dute. Beste aukera bat da ahoz hartu ordez beste bide batetik hartzearen eragina izatea. Izan ere, ahotik hartutako hormonak bi aldiz metabolizatzen dira gibelean, baina beste bideetatik hartutakoak behin bakarrik. Horrek eraginik izan dezake? Aztertu egin beharko litzateke.
Uste duzu hiru hilabetez jarraian hartzen den antisorgailu berri horrek izan dezakeela arrisku berezirik?
Ezin diot zehazki galdera horri erantzun. Ez dut esperientziarik oraindik antisorgailu horrekin. Dosi baxukoa da, ahoz hartzen da eta badirudi hilerokoaren aurreko nahastearen sintomak gutxitu ditzakeela, baina, esan bezala, oso berria da eta oraindik datuak iristen ari zaizkigu. Ezin dizut erantzun.
Nik uste dut emakumeei aipatu behar zaiela albo-efektu hori egon badagoela, arriskua txikia dela, noiz has daitekeen nabaritzen, eta, nabaritzen badute, kontsultatzeko emaginarekin edo gurekin. Horretaz gain, emakume gazteengan arriskua pixka bat handiagoa izan daitekeela kontuan izanik, haiekin lan gehiago egin behar da: aurrekariak ongi aztertu, zein egoeratan dauden ikusi, antisorgailu berri horiekin kontu gehiago izan kasu batzuetan, eta, hori dena buruan izanez, aukera egin.
Bestalde, gazteei argi esplikatu behar zaie antisorgailu hormonalek ez dituztela babesten sexu bidez transmititzen diren gaixotasunetatik. Haurdunaldia ekiditen dute, ez gaixotasun horiek. Hau da, antisorgailu hormonalak erabili arren, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak transmititzeko edo hartzeko arriskua badute, preserbatiboa ere erabili behar dute. Garrantzi itzela du bai desiratu gabeko haurdunaldiak ekiditeak eta baita sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak ekiditeak ere.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.