Aditu askok adierazi dute COVID-19aren krisiaren kudeaketa hobea izango zela, osasunari lotutako ikertzaileekin batera, beste arlo batzuetakoek ere lan egin izan balute; esaterako, soziologoek, portaeraren psikologoek eta antropologoek.
Mari Luz Esteban Galarzak (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959) medikuntza ikasi zuen, baina laster antropologiara jo zuen, eta, geroztik, antropologia feministan dabil buru-belarri. Gaur egun, Antropologia Feminista Ikerketa Taldea (AFIT) koordinatzen du EHUn. Dioenez, antropologia bigarren mailako zientziatzat hartzen da zientzia-sisteman, baina, bai ikerketa-taldean, bai unibertsitatetik kanpo egindako lanekin, eragiten eta galdera berriak sortzen ahalegintzen da. Sarri, pluralean hitz egiten du bere lanaz, elkarrekin eta taldean aritzearen garrantzia nabarmenduz.
Maite Arroita Azkarate zientzialariak ibaien metabolismoa ikertzen du. Ibaien “bihotz-taupada” ere esaten dio, eta ekosistemek nola arnasten duten jakiteko baliatzen du. Izan ere, lurreko ekosistemak sailkatzeko irizpide argiak badaude ere, ez da gauza bera gertatzen ibai-ekosistemetan, eta hori ebaztea du helburu. Ibai-ekosistemen metabolismoa baldintzatzen duten faktore nagusiak identifikatu ditu Arroitak bere azken ikerketan, AEBko ikertzaileekin elkarlanean. Ibaiak hobeto ezagutzeko eta kudeatzeko aukera emango du ikerketak.
Maíra Aguiar biologoa da, eta modelizazio matematikoan egiten du lan BCAMen, matematika aplikatuetarako ikerketa zentroan. Eusko Jarlaritzak eredu matematiko bat gara zezala eskatu zien, COVID-19a EAEn izaten ari den transmisio-dinamika ulertzeko. Haien emaitzak aztertu eta egungo egoeraren inguruko gogoeta egin du.
Askorentzat, adimen artifizialaren aitzindarietako bat da Isabelle Guyon. Irakatsi ordenagailuari gauza bat egiten, eta, seguru asko, Guyonen lana erabiltzen ariko zara, berak asmatu baitzituen ikasketa automatikorako erabiltzen diren oinarrizko metodologiak. Zenbakiak erraz maneiatzen dituzte makinek, baina, benetan giza adimenera gerturatzeko, objektuak zehaztasunez bereizten ikasi behar dute; hala nola gizonak eta emakumeak bereizten, diagnostiko mediko bat bereizten, edo edozein datu-taldetan patroiak identifikatzen. Hain zuzen, horretan egin du funtsezko ekarpena Guyonek. BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak saria jasotzera etorri zen Bilbora, eta Guillermo Roak elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla saioan. Elhuyar aldizkarira ere ekarri dugu.
COP26 biltzarrari bertatik bertara jarraitu dio Elisa Sainz de Murieta Zugadik. Klima-larrialdia ikertzen du EHU eta BC3-n, eta aitortu …
Hizkuntzak izaki sozial bihurtzen gaitu, eta batzuek diote hizkuntzarako gaitasuna ezinbestekoa izan dela gure espezieak arrakasta izateko. Gizatasunaren esentzia bera erakusten digula hizkuntzak. Baina zientziak erakutsi du aurreiritziak eta ezjakintasuna daudela egiatzat jo izan diren sinesmen askoren atzean. Horren lekuko, Itziar Laka Mugarza EHUko hizkuntzalari eta ikertzailearen hausnarketak. Hizkuntzaz, kognizioaz eta elebitasunaz hitz egin du, luze eta zabal.
Gure gizarteak egun duen erronka handienetakoa da bioaniztasunaren galera larri honi zer estrategiaren bidez helduko diogun erabakitzea. Ohiko ikuspegietatik aldentzen diren aldagaiak sartzearen aldekoa da Unai Pascual Garcia de Azilu, Ikerbasqueko eta BC3ko ingururumen-ekonomilaria; besteak beste, euskararen eta beste hizkuntza gutxituekiko atxikimendua sustatzea eta komunitate indigenen balioak aintzat hartzea.
Martxoaren 27an kontzertu esperimental bat egin zen Palau Sant Jordi aretoan (Bartzelona), Germans Trias i Pujol Ospitale Unibertsitarioko ikertzaileen gidaritzapean, eta Primavera Soundek eta musika-festibalen beste sustatzaile batzuek antolatuta. Kontzertura sartzeko, ikus-entzuleek egun berean negatibo eman behar zuten antigeno-testan, eta, behin barruan, ez zuten haien artean distantziarik gorde beharrik. Beste prebentzio-neurri batzuk zeuden, hala ere: FFP2 maskara jantzita eraman behar zuten, aireztapena eta pilaketak gerta zitezkeen lekuak kontrolpean zeuden... Era horretako jarduerak seguruak direla frogatzea zen esperimentuaren helburua.
Egitasmoak kritikak jaso ditu, arriskutsuegia delakoan. Ikertzaileek, baina, segurua dela baieztatu dute. Haietako bat da Boris Revollo Barriga, gaixotasun infekziosoetan doktorea, hiesan espezializatua. Adeitsu erantzun die Elhuyar aldizkariaren galderei; izan ere, haren esanean, ezinbestekoa da informazio zuzena ematea, bai komunitate zientifikoari bai gizarte orokorrari, gaizki-ulertuak eta uste okerrak saihesteko.
Klima-aldaketa eta biodibertsitate-galera nahikoa ez, eta COVID-19aren zoonosiak agerian utzi du jatorri antropologikoa duen ingurumenaren degradazioak giza osasuna bera jar dezakeela kolokan. María José Sanz Sánchezek argi du giza gaixotasun asko eta asko gure bizimoduak sortuak direla, eta egungo bizimodu kontsumista auzitan jartzera gonbidatzen gaitu, galdera soil batez: zer behar du batek benetan ondo sentitzeko, osasuna izateko, bizitzaz gozatzeko?
Pentsalariek diote pentsamendu kritikoa izatea dela XXI. mendeko giza abilezia garrantzitsuena. Informazio-gehiegikeriaren gizarte honek erraztu egiten die sarbidea sasiegiei eta informazio faltsuei, eta, oso kritikoak izan ezean, manipulatzen errazak bihurtzen gara. Askatasunak oso berea duen ezaugarria da pentsamendu kritikoa. Agustin Arrieta EHUko filosofoak eman digu gaitasun hori garatzeko giltzarria: gure sinesmenak alde batera uzteko prest egotea.