Bost urte igaro dira, bestalde, Jon Urrujulegik, Elhuyarren eskutik, Sinonimoen kutxa argitaratu zuenetik. Bost urte horietan ekarpen itzelak izan ditu euskarak, besteak beste, Euskaltzaindiak Hiztegi Batua 2.000 urtean argitaratu izana. Erabiltzaileari sinonimoen eta antonimoen hiztegi eguneratua eskaini nahian, egilearekin izandako harremanen ondorio da bigarren edizio hau, orduko hartan oinarrituta eta hari esker egina, hain zuzen ere.
Hiztegi honek 21.532 sarrera, 59.244 sinonimo, 8.517 antonimo eta 26.403 adiera ditu, Hiztegi Batuaren erabaki eta hobekuntzen arabera moldatuta.
Neurriak lehengo berak baditu ere, edukia eguneratua izateaz gain, jantzia ere berria du oraingoan, Elhuyarren irudi berrira egokitu baita.
Elhuyar Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Hiztegia -ren CD-ROM bertsio berria merkaturatuko da laster. Bertsio berria Windows XP sistema eragilean ere ibiliko da. Horrez gain, hiztegian eguneratze-lan eta berrikuntza batzuk egin dira.
Prest eta sarean dago Office 2003 euskaraz. Itzulpen-lanak Elhuyar Fundazioak eta UZEIk egin dituzte. Nahi duenak Internetetik har dezake euskarazko bertsioa. Doan da, baina instalatu ahal izateko Office 2003 gaztelaniaz izan behar da lehendik instalatuta.