Emma López de Armentia Adan Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktore

"Ikerketak asko eskatzen du, baina baita asko eman ere”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ikerketak-asko-eskatzen-du-baina-baita-asko-eman-e
Arg. Emma López de Armentia Adan

Emma López de Armentia Adan ia-ia halabeharrez sartu zen ikerketa-munduan. Dioenez, txikitatik zituen gustuko biologia, giza gorputza... Beraz, bazirudien medikuntza ikastera bideratuko zela. Baina gaztetan ikasketei behar baino arreta gutxiago jarri zienez, azkenean Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi zuen, eta, ikasketak amaitutakoan, kontsulta bat jarri nuen. 

“Laster ohartu nintzen ez nuela horretan aritu nahi. Gaia bera oso gustukoa nuen, baina lana ez. Gainera, orduan ez zegoen gaur bezain ondo ikusia”, aitortu du. Hala, Elikagaien Zientzia eta Teknologia egitea erabaki zuen. Egin, eta Leian hasi zen praktiketan (gaur egun Tecnaliaren barruan), Elikagai Berrien laborategian. “Orduan hasi nintzen gerturatzen ikerketara; ordura arte, urrutikoa zen, eta han hasi zitzaidan harra sartzen”. 

Praktikaldiaren ondoren, Elikagaien Kalitatearen eta Segurtasunaren Masterra egin zuen. “Segindan, Neiker-Tecnalian hasi nintzen lanean, Enrique Ritter doktorearekin, eta genomikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Erabat harrapatu ninduen, liluratuta geratu nintzen”, gogoratu du. “Inoiz ez nuen doktore-tesia egitea pentsatu, baina doktorego aurreko kontratu bat eskaini zidaten, eta horrela hasi nintzen”. 

López de Armentiaren esanean, ezustean eta pixka bat berandu iritsi zen ikerketa-mundura, baina gaiarekin zoratuta zegoen. Olio-palmondoko markatzailez lagundutako hautespen-sistema bat garatzea zen tesiaren helburua. Eta esperimentu-aldia gogorra izan bazen ere, askoz ere gogorragoa izan zen tesia idazten eman zuen garaia. 

“Esperimentu-aldia ez da erraza izaten eta denbora asko eskatzen du, baina taldea oso-oso ona zen, eta benetan gustura aritu nintzen, asko lagundu baininduten. Ezin da beste lanarekin alderatu; ikertzen ari zarenean, ikasten duzu arazoei aurre egiten, taldean lana egiten, eta, aldi berean, autonomoa izaten... Asko eskatzen du, baina asko eman zidan. Hiru hilabetez luzatu zidaten kontratua esperimentuekin amaitzeko, eta dena ondo joan zen”, azaldu du. 

Aldiz, inolako kontraturik gabe aritu zen tesia idazten, urte eta erdiz, eta oso gogorra egin zitzaion: “Diziplina handia eskatzen du, eta norberak ez ezik, ingurukoek ere lagundu behar dute. Bestela, ezin da; baina oso gogorra egiten zitzaidan ikustea etxekoei ere eragiten ziela. Azkenean, beste guztia alboratu, horretan ematen duzu urte eta erdi, buru-belarri”. 

Palma-olioari buruzko iritzia eta informazioa 

Palma-olioaren aurka zabaldu den iritziaz galdetuta, López de Armentiak uste du ez dela informazio osoa eman. “Boladak izaten dira. Garai batean txerri-gantza txartzat jotzen zen; gero jakin zen batez ere azido oleikoa duela, alegia, osasunerako ona dela. Eta bai, badakigu palma-olioak gantz asea duela, eta gantz ase gehiegi hartzea txarra dela, baina horregatik palma-olioa guztiz baztertzea ez da zuzena, nire ustez”. 

Azaldu duenez, plama-olioak oso ezaugarri organoleptiko eta teknologiko egokiak ditu; horregatik erabiltzen da hainbeste elikagai-industrian. “Izatekotan, elikagai-prozesatuak dira kontuz hartu beharrekoak. Gaur egun, jende askok horietan oinarritzen du bere elikadura, eta hori bada txarra osasunerako; ez bakarrik palma-olioagatik, baita horrekin batera hartzen duen karbohidrato, gatz, azukre, gehigarri eta beste osagaiengatik”.

Horrekin batera, argitu du palma-olioaren ordezkoak are okerragoak izan daitezkeela: “Industriaren ikuspegitik, trans-azidoak erabiltzea izan daiteke irtenbide bat, baina horiek are kaltegarriagoak dira”. Eta olio-palmondoaren jatorrizko lekuetan, gantz-iturri nagusia huraxe dutela gogorarazi du. Haientzat, ezinbesteko elikagaia da. 

Bestalde, olio-palmondoarekin egiten den ikerketaren erabat alde azaldu da: “Ikerketa pila bat egiten dira olio-palmondoarekin, eta oso onak: ingurumenaren alderditik, osasunarenetik, teknologiarenetik... Jendeak hori guztia jakin beharko luke, palma-olioa epaitu baino lehen”. 

Etorkizunean, olio-palmondoaren edo beste oleaginoso batzuen ikerketan aritzea du amets... “Badakit ikaragarri zaila dela. Gainera, nik ez dut kanpora joan nahi ikertzera; familia dut, eta ezin diet hori eskatu. Baina, nigatik, horixe egingo nuke gustura asko”.

Emma López de Armentia Adan

Emma López de Armentia Adan Gasteizen jaio zen, 1980an. 2005ean Giza Nutrizioa eta Dietetikan diplomatu zen EHUn, eta unibertsitate berean egin zituen Elikagaien Zientzia eta Teknologia lizentziatura (2010) eta Elikadura Kalitate eta Segurtasun Masterra (2011). 2017an, berriz, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktoretza lortu zuen. Bitartean, 2011tik 2015era ikertzen aritu da Neiker-Tecnalian, Landare Ekoizpena sailean, Enrique Ritter doktoreak gidatutako lantaldean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.