Amaia Hernández Puerta Ingeniari Biomedikoa

“Benetan baloratzen dutena ahalegina da”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

benetan-baloratzen-dutena-ahalegina-da
Arg. Amaia Hernández Puerta

Amaia Hernández Puerta Kanadatik itzuli berritan eta lan bila dabilela ezagutu dugu. Errehabilitazio medikurako sistema protesikoen eta ortesikoen garapenean lan egitea gustatuko litzaioke, hori baitu gogokoen eta horretarako prestatu baita azken urteotan, baina, esparru nahiko berria denez, ez ditu aukera asko ikusten inguruan. Hala ere, gogotsu jarraitzen du lan bila, eta, bitartean, bideo-jokoen inguruko ikastaro bat egiten ari da, gero errehabilitazioan aplikatzeko asmoarekin.

Orain arteko ibilbideaz galdatuta, badirudi hasieratik zuela oso garbi ingeniaritza biomedikoan espezializatuko zela. Argitu duenez, ordea, batxilergoan ez zekien ikasketa horiek zeudenik ere: “Betidanik gustatu zaizkit zientziak, orokorrean. Gustuko nuen biologia, baina baita matematika, fisika eta halakoak ere. Bi arloak batuko zituen ikasketa baten bila hasi nintzen Interneten, eta orduan izan nuen Ingeniaritza Biomedikoaren berri lehen aldiz. Berehala erabaki nuen hortik joko nuela”.

Hala, Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Lehen urtean, hala ere, ez zitzaion iruditu bete-betean asmatu zuenik. Batetik, beste hizkuntza batean aritzera ohitu behar izan zuen: “Ordura arte, dena euskaraz ikasi nuenez, arrotza zitzaidan gaztelaniazko hiztegi teknikoa”, azaldu du Hernándezek. Bestetik, lehen mailako ikasgaiak orokorregiak iruditu zitzaizkion. “Gehien bat, masterrean izan nuen aukera nahi nuen adarrean sakontzeko”.

Bitartean, dena den, gustura aritu zen, eta Erasmus beka baten bidez Trondheimen (Norvegia) ikasteko aukera ere izan zuen. Gero, Ingeniaritza Biomedikoko masterrean jarraitu zituen ikasketak egin zuen, eta han sortu zitzaion Kanadara joateko aukera.

“Ingelesez hitz egiten duten leku batera joan nahi nuen, eta, Otawako ospitalean niri interesatzen zitzaidan arloan ari zirenez, hara joateko eskaera egin nuen. Estatu Batuetako beste bi lekutan ere egin nuen eskaera; haietatik, ordea, ez zidaten erantzun ere egin. Horrela bukatu nuen Kanadan. Hasiera batean gogorra egin bazitzaidan ere, hona itzultzean negar egin nuen”.

Autonomia eta babesa

Han topatu zuen giroak ez zuen ordura arte ezagututakoaren antza handirik. “Hemen, praktikak egiten dituzunean, oso bideratuta zaude gehienetan. Han, berriz, erabateko askatasuna ematen dizute. Zuk erabakitzen duzu dena: zer egin nahi duzun, nola, zer material erosi… Hasieran ardura eta kezka handia sortzen zidan horrek guztiak, baina gero konturatu nintzen hanka sartzeko aukera ere ematen dizutela, eta benetan baloratzen dutena ahalegina dela”, aitortu du.

Gainera, autonomiaz lan eginda, emaitzak are gehiago asetzen zaituela nabarmendu du, eta beti izan zuela lankideen babesa. Horrenbestez, ez du zalantzarik egiten Kanadako esperientzia baloratzean: “Erabat aberasgarria izan da, bai alde profesionaletik bai pertsonaletik”. Eta espero du, aurrerantzean ere, ibilbide profesionalak pertsonalki hazteko aukera emango diola.

Amaia Hernández Puerta

Amaia Hernández Puerta Zarautzen jaioa da, 1992an. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta, tartean, Norvegian izan zen, Erasmus egitasmoaren laguntzarekin. Ondoren, leku berean izen bereko masterra egin zuen, eta proiektua Kanadan garatu zuen, Otawako Ospitalean. Errehabilitazio mediku, protesiko eta ortesikoan, eta eransketa bidezko sistema biomedikoen garapenean espezializatuta dago.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.