Naiara Moreira Ciruelos Telekomunikazio-ingeniaria

“Asko betetzen nau pentsatzeak egiten dudana ez dela paperean geratuko”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

asko-betetzen-nau-pentsatzeak-egiten-dudana-ez-del
Arg. Tere Ormazabal/EHU

Naiara Moreirak aitortzen duenez, sortzeko grinak bultzatuta egin zen ikertzaile. “Telekomunikazio-ingeniaria naiz, eta ikasketak amaitu ondoren topatu nituen irteerak ziren, batetik, ahokulari gisa, zeinetan lana antzekoa izaten den ia beti, eta bestetik, ikerketa eta garapena, aukera ematen duena gauza berriak sortzeko. Horrek askoz gehiago asetzen nau; beraz, horregatik sartu nintzen ikerketa-munduan”.

Hala, karrera-amaierako proiektua Tecnalian egiteko aukera sortu zitzaionean, ez zuen zalantzarik egin. Horri esker ezagutu zuen zer den ikerketa-mundua, nolako proiektuak garatzen dituzten halako zentroetan... Horren ondoren, unibertsitatean jarraitzea gomendatu zioten, APERT ikerketa taldean (Applied Electronics Reseach Team), eta han doktoretza egitea erabaki zuen. Ondo bidean, aurten aurkeztuko du tesia.

Moreirak azaldu duenez, azpiestazio elektriko adimendunen komunikazio-protokoloa babesteko sistema hobetzea da tesiaren helburua. “Izan ere, oso garrantzitsua da ondo babestea: aspieztasio elektriko batean mikrosegundo bakar bateko denbora-erroreak ondorio larriak izan ditzake; adibidez, hornidura elektrikoa etetea eragin dezake”.

Aplikatua izatea, motibagarri

Moreirarentzat, oso motibagarria da egiten duten ikerketa hain aplikatua izatea. “Asko betetzen nau pentsatzeak egiten dudana ez dela paperean geratuko, eta erabilgarria izan daitekeela eta jenderen bizi-kalitatea hobetzeko balio dezakeela”.

Dena ez da hain atsegina, ordea, eta aitortu du zaila egiten zaiola epe luzerako planifikatu behar izatea lana, batez ere, beti izaten direlako gorabeherak. “Gainera, berrikuntzan aritzen garenez, ez dugu eredurik; inork ez du egin guk egin nahi dugun hori, beraz, ezin ditugu jarraitu inoren urratsak, geuk eman behar ditugu pausoak. Hori batzuetan gogorra da”. Hori bai, pausoz pauso norabide onean doala ikustea oso pozgarria dela ere onartu du.

Horrekin batera, asko gustatzen zaio ikerketa-taldean duten giroa, irakasleek ere ikasleen proiektuetan parte hartzen baitute, eta talde trinkoa osatzen baitute, nahiz eta bakoitzak bere lanak eta ardurak dituen.

Etorkizunera begira, lehen helburua tesia amaitzea da. Horren ondoren, industrian lan egin nahiko luke, Euskal Herrian bertan. “Aukerak baditudala uste dut; beraz, horren alde borrokatuko naiz”.

Naiara Moreira Ciruelos

Naiara Moreira Ciruelos (Barakaldo, 1985) komunikazio-ingeniaria da. Sistema elektroniko aurreratuen masterra du, eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako APERT (Applied Electronics Research Team) ikerketa-taldeko kide da. ‘System-on-Chip Architecture for Secure Sub-microsecond Synchronization Systems' izeneko doktore-tesia ari da amaitzen, Armando Astarloaren zuzendaritzapean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila