Saguzarrekiko pasioa

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Saguzarraren urtean gaude. UNEPeko espezie migratzaileen konbentzioak eta EUROBATS erakundeak bultzatuta izendatu dira 2011 eta 2012 Saguzarraren Nazioarteko Urtea, eta halako ospakizunek izan ohi dutenez, izendapenaren hartzaileak protagonista bihurtzea du helburu. Izan ere, Lur planetan bizi garen ugaztunespezieon artetik ezezagunenak zaizkio saguzarrak gizakiari; eta urtearen antolatzaileek adierazi dutenez, baita “jazartuenak” ere.

Ezagutzen ditugun 1.200 saguzar-espezietatik erdia inguru arriskuan daudela ohartarazi dute saguzarraren urtearentzat argitaratutako txostenetan, eta, ohi bezala, gizakia da saguzarrek duten mehatxu handiena: habitata galtzea eta jateko harrapatzea identifikatu dituzte arriskueragile nagusitzat.

Kontserbazioa eta ikerketa bultzatzeko baliatu nahi dituzte antolatzaileek bi urte hauek, eta, horrekin batera, arreta berezia eman ezagutzari: saguzarrei hainbat hizkuntzatan eman diegun izenetatik bertatik ikusten baita ezagutza ezari ez ezik, gizakion uste okerrei eta aurreiritziei ere egin behar dietela aurre saguzarrek.

Ugaztun hegalari bakarrak dira, eta ugaztunespezieen ia laurdena osatzen dute. Eta gizakiontzat mesedegarriak diren zerbitzuak ere eskaintzen dituzte: intsektuak janez izurriak eragotzi, edo polinizatzaile izan. Toki batzuetan, berealdiko turismoa erakartzeko gai ere izan dira saguzarrak. Alabaina, behar duten baino babes txikiagoa jasotzen dute, eta, munduko lurralde batzuetan, oso egoera larrian daude.

Zenbaki honetan saguzarrak pasio eta ogibide bihurtu dituzten hiru ikertzaileren eskutik barneratu gara ugaztun hegalarien munduan: Paul Racey, munduan den aditu handienetako bat; Joxerra Aihartza, Euskal Herrian saguzarraren ikerketa hutsetik abiatu eta erreferentzia bilakatu dena; eta Egoitz Salsamendi, saguzarrek Panamaraino eraman duten Aihartzaren ikasle gailena. Haien grina baino enbaxadore hoberik ez dago saguzarrak ezagutu eta aurreiritziak gainditzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila