2020. urteak izen propioa du dagoeneko: Marte. Planeta gorrirako bost misio daude iragarrita urte horretarako. NASAk Europako eta Errusiako Espazio Agentziek, Txinakoak, Indiak eta, azkenik, Arabiar Emirerriek anbizio handiko misioak prestatu dituzte, denek eskuratu nahi baitute Marteko zuzeneko informazioa.
Gaur egun zientzialariek, jada argi dute Marteren gainazalean noizbait ur likidoa egon zela. Eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldearen zuzendari Agustín Sánchez Lavegak uste du badagoela aukera inoiz bizia egon izanaren arrastoak aurkitzeko. Bere ametsa litzatekeela ere onartu digu. Izatekotan, orain du aukera, Sánchez Lavegak zuzentzen duen taldeak 2020ko bost misio horietako bitan parte hartuko baitu.
Bizi-zantzuez haratago, planetaren habitagarritasun potentziala zehaztea da misio horien guztien helburua, eta etorkizunean lehenengo gizaki esploratzaileak Martera iritsi ahal izateko bidea erraztea. Badirudi horretarako gako izan daitekeela 2020ko misioek ekarriko duten informazioa. Esaterako, NASAren misioan, Marteko azalean eskura dauden baliabide naturalak etorkizuneko astronautek nola erabil litzaketen jakiteko saiakera egingo dute.
Marte da, zalantzarik gabe, Eguzki Sistemako planetarik esploratuena eta ezagunena, Lurraren atzetik. Baina oraindik asko dago ezagutzeke. Ez hainbeste Lurrean, gero eta gutxiago baitira esploratu gabeko txokoak. Badira bakan batzuk, eta horietako batera joan gara zuzenean, hiru glaziologo lagun: Patagoniako txokorik australenera; izotzak, ekaitzak eta haize glazialak gogor jotzen duten lurralde horietako batera.
Bi esplorazio, bi estilo erabat desberdin: bata, punta-puntako teknologiaren eskutik; bestea, garai bateko esplorazioen estilora —ahalik eta teknologia arinenarekin—. Bi estilo, baina biak irakurleentzako gozamen-iturri. Amets egitera gonbidatzen duten horietakoak!
Elhuyarrek garatutako teknologia