Grabitazio-uhinak bigarren aldiz detektatu dituzte LIGO behatokian. Otsailaren 11n iragarri zuten, lehenengoz, grabitazio-uhinak detektatu zituztela. Eta astronomiaren ate berri bat ireki zuten horrekin; izan ere, uhin elektromagnetikoen bidez behatu beharrean, grabitazio-uhinen bidez behatu daitekeela erakutsi zuten. Orain, Physical Review Letters aldizkarian argitaratu dute bigarren behaketa. Aurrekoan bezala, bi zulo beltz elkartzean igorritako grabitazio-uhinak dira detektatu dituztenak.
Abenduaren 26an detektatu zituzten grabitazio-uhin horiek LIGOko bi interferometroek (lehenengo behaketatik hiru hilabetera). Zulo beltzak, aurrekoak baino txikiago ziren; 8 eta 14 eguzki-masa zuten, aurrekoek 36 eta 29. Ikertzaileek adierazi dute zulo beltzak nola elkartzen diren azaltzeko zeuden iragarpen teorikoekin bat egiten duela behatutakoak. Iragarpen teoriko horien arabera, zulo beltzak elkarren inguruan mugitzen dira, hamarka orbita eginez, fusionatu arte. Horrelako 55 bira behatu ahal izan dituzte, segundo bat iraun zuen seinalean. Horrez gain, bi zuloetako bat errotatzen ari zela ere jakin ahal izan dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia