Erdainkuntzak edo zirkunzisioak zakilaren mikrobioma aldarazten du, eta horrek azal dezake zergatik babesten duen erdainkuntzak hiesetik eta birusek eragindako beste gaixotasun batzuetatik. Ondorio horretara iritsi dira Washington Unibertsitateko eta TGen Institutuko (Arizona) ikertzaileak, zirkunzisioa egin aurretik eta ondoren zakilean zituzten bakterioak aztertuta eta haien eragina ikertuta.
Hain zuzen ere, frogatuta dago erdaindutako gizonezkoek % 50-60 arrisku txikiagoa dutela hiesaren birusarekin kutsatzeko. Herpes sinplearen eta giza papilomaren birusetatik ere babesten du erdaintzeak. Orain arte, ordea, ez zekiten zergatik gertatzen zen hori.
Hori argitzeko, beraz, Ugandan bildutako hainbat lagin aztertu dituzte ikertzaileek, polimerasaren kate-erreakzioa (PCR) eta beste teknika batzuk erabilita. Erdaindutakoen mikrobioma alderatu dute, ebakuntzaren aurretik eta ondoren, eta baita erdaindu gabekoena ere, eta ikusi dute, erdainkuntza eginez gero, zakileko bakterioen kopurua asko gutxitzeaz gain, mikrobioma aldatu egiten dela. Izan ere, ikertzaileek azaldu dutenez, ebakuntza egitean, oxigenoa sartzen da lehen larruazalak estaltzen zuen zatira; horrenbestez, bakterio anaerobioak izugarri gutxitzen dira.
Ikertzaileek ez dute erabat argitu zer mekanismoren bidez eragiten duen zakileko mikrobiomak birusei aurre egiteko gaitasunean, baina, haien ustez, bakterio asko daudenean, birusei aurre egiteko ardura duten larruazaleko zelula batzuek, Langerhans zelulek, oker funtzionatzen dute. Hala, babestu beharrean, birusen laguntzaile bihurtzen dira eta sarbidea errazten diete. Aldiz, bakterio-kopurua txikia denean, badirudi Langerhans zelulek ondo betetzen dutela beren egitekoa.
Aurrerantzean, bakterio anaerobioek hiesa hartzeko arriskua areagotzen dutela baieztatzeko ikertzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute ikertzaileek. Eta pauso bat urrunago ere joan da Lance Price ikerketa-burua; haren hitzetan, "horren mekanismo biologikoa ulertuta, zirkunzisioa egin gabe ere anaerobioak gutxitzeko bidea bila dezakegu".