Duela 25 urte, UCS (Zientzialari Arduratuen Batasuna) erakunde estatubatuarrak eta 1.500 zientzialari independentek baino gehiagok, tartean Nobel saridunek, “Munduko zientzialarien ohartarazpena gizateriari” izeneko manifestua argitaratu zuten.
Manifestuan, zientzialariek beren kezka agertu zuten ingurumenari egindako kalteengatik, eta jokabidea aldatu beharra zegoela aldarrikatu zuten. Besteak beste, populazioa egonkortzeko, berotegi-efektuko gasen isuria murrizteko, erregai fosilak ez erabiltzeko, deforestazioa geratzeko eta biodibertsitate-galera leheneratzeko eskatu zuten.
Orain, nazioarteko zientzialari-talde batek “bigarren ohartarazpena” egitea erabaki du, eta orduan baino are babes handiagoa lortu dute, mundu osoko 15.000 zientzialaritik gora sinatu baitute. Dokumentuan, atsekabetuta azaltzen dira joera okertu egin delako alderdi askotan: berotegi-gasen isuria areagotu egin da; basoak suntsitu dira nekazaritza-lurrak lortzeko; espezie ugari galdu dira ; populazioa % 35 hazi da; ozeanoak hiltzen ari dira; edateko ura % 26 gutxitu da…
Txanponaren beste aldean, lorpenak ere nabarmendu dituzte: ozono-geruzari kalte egiten dioten substantziak gutxitu dira; energia-iturri berriztagarriak garatu dira; eremu batzuetan, eta nesken hezkuntzari lotuta, ugalkortasuna jaitsi egin da; eta deforestazioa ere gelditu da beste leku batzuetan.
Alabaina, aldaketa horiek ez dira nahikoak izan hondamendiaren arriskua gerarazteko. Horrenbestez, eta politikariek presioei erantzuten dietelakoan, dei egiten diete zientzialariei, komunikabideei eta herritarrei, gobernuak neurriak hartzera behartu ditzaten.
Banakoei ere arduraz jokatzea eskatzen diete, batez ere, bi ume baino gehiago ez izatea, eta erregai fosilen, haragiaren eta beste baliabideen kontsumoa gutxitzea.
Maila politikoan, berriz, hau eskatzen dute, besteak beste: eremu babestuak handitzea; ekosistemak leheneratzea; elikagaiak alferrik galtzea saihestea; hezkuntza bultzatzea; ekonomia-sistema aztertzea, ingurumenean duen eragina aintzat hartuta; dieta aldatzea, haragi gutxiago jateko; eta populazioaren hazkundea geratzeko neurriak hartzea. Eta hori guztia, lehenbailehen egin behar dela ohartarazi dute; laster “beranduegi” izango delakoan.