Zenbat eta sakabanatuago, orduan eta kaltegarriago

Etxetik alde egiteak edo bikote bat banatzeak gainerako espezieetan eragiten du. Hala iradoki dute Nature aldizkariaren web gunean.

AEBetako Michigango Unibertsitateko ikertzaileen arabera, gizakiak naturari egiten dion presioa areagotu egin da azkenaldian, baina ez bakarrik populazioa hazi egin delako, baizik eta gero eta sakabanatuago bizi garelako. Lehen, orain baino senide gehiago bizi ziren etxe berean, beraz, banaka bizita baino toki, baliabide eta energia gutxiago behar zuten.

Landare- eta animalia-espezieak arriskuan dauden guneak eta arriskutik kanpo daudenak alderatu dituzte ikertzaileek, eta ikusi dute mehatxatuta dauden horietan besteetan baino askoz gehiago hazi dela etxe-kopurua. Populazioa gutxitzen ari den tokietan ere, gero eta etxebizitza gehiago daude, adibidez, Espainian, Italian, Portugalen eta Grezian. Ikertzaileen ustean, biodibertsitatearen galera saihesteko neurriak hartzean, kontuan hartu beharreko faktorea da hau.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila