Zelula zaharrak ez pilatzeak moteldu egiten du zahartzea

Zahartzaroko aje batzuk gorputzean zelula zaharrak metatzen direlako agertzen dira, Rochesterko (Minnesota) Mayo Klinikako ikertzaile batzuek Nature n berri eman dutenez. Saguei zelula zahar horiek kenduta, ikusi zuten geroago hasi zitzaizkiela kataratak, eta mantsoago galdu zutela muskulu-masa, besteak beste.

Zahartzean, gorputzeko zelulen % 5 zelula seneszente deritzenak dira: beren funtzioari eusten diote, baina dagoeneko ez dira zatitzen. Zientzialariek uste dute zelula zahar horiek adinari lotutako aldaketak eragiten dituztela inguruko ehunetan, adinarekin bereziki kaltetzen diren gorputz-zatietan metatzen baitira gehien, hala nola begietan eta muskuluetan.

Saguekin probatu zuten hipotesi horrek funtsik duen. Saguak genetikoki eraldatu zituzten, zelula zaharrak deusezta zitzaten: zeluletan seneszentziaren adierazle den gene bat (p16lnk4a) piztean, heriotza zelularrean parte hartzen duten geneak ere piztea eragin zuten (egoera normalean ez lirateke aktibo egongo). Hala, botika jakin bat ematean, heriotza zelularra eragin ahal izan zuten zelula seneszenteetan.

Titia kentzen zieten unetik hasita botika hori hartu zuten sagu eraldatuei eraldatu gabekoei baino 100 egun geroago atera zitzaizkien kataratak. Halaber, sagu eraldatu zaharrak adin bereko sagu arruntek halako bi muskulu-masa zuten, eta bizkarrezurreko okerdura eta gantz-metaketak sagu gazteen parekoak ziren. Dena den, aldaketa horiek ez zuten luzatu saguen bizi-itxaropena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila