Wake Forest Unibertsitateko Medikuntza Eskolan, emakume haurdunen likido amniotikoa erauzi, eta likido horretako zelula batzuk laborategian haztea lortu dute. Ikusi dute zelula horiek zelula-mota ugari bilaka daitezkeela, alegia, zelula amak direla. Saguei transplantatuta, berehala hasi ziren bikoizten eta transplantatu zituzten organoetako zelulen funtzioak betetzen.
Zelula horiek zenbait tratamendu egiteko balio dezaketela uste dute zientzialariek. Adibidez, oraindik jaio ez den haur bati gaixotasunen bat detektatuko balitzaio, zelula ama amniotikoak erauzi eta laborategian ekoitz lezakete haurrak beharko lukeen ehuna, jaiotzen denerako prest izan dezan.
Horrez gain, erditzerako orduan ere bil liteke likido amniotikoa, eta gorde, zelula amak hortik erauzteko, zilborresteko zelulekin egiten duten bezala. Ikertzaileen helburuetako bat da zelula amen ahalik eta iturri gehien lortzea, gaixo bakoitzarekin zelula ama egokienak erabiltzeko.