Proteinarik kodetzen ez duen DNA-zati bat kaltetzean, buxadurak gerta daitezke arterietan
Proteinarik kodetzen ez duen DNA-zati bat kenduta, saguetan bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua handitu egiten dela ikusi dute Lawrence Berkeley Laborategi Nazionaleko ikertzaile batzuek.
9p21 deritzo orain dela hiru urteko ikerketa batean arteria koronarioko gaixotasunarekin lotu zuten DNA-zatiari. Milaka pertsonaren DNA aztertuta, ikusi zuten eskualde horretan nukleotido jakin batzuetan mutazioak zituzten pertsonek hein handiagoan pairatzen zutela gaixotasun hori.
Orain, Lawrence Berkeleyko zientzialariek ikusi nahi izan dute zer gertatzen zaien saguei DNA-zati hori ez badute. Bada, ikusi dute behera egin duela zelulen bikoizketa inhibitzen duten bi generen espresioak. Zelulen zikloa erregulatzen duten gene horiek normalean baino gutxiago espresatzeak arterietako zelulak ohi baino azkarrago bikoiztea eta bihotzerako odol-fluxua buxatzea eragin dezake.
Ezin da baieztatu, ordea, gizakietan funtzio edo eragin hori bera duenik 9p21 zatiak. Izan ere, desberdintasunak ere aurkitu dituzte. Adibidez, gizakietan gantz-plakak eratzen dira arterietan, 9p21 kaltetuta dagoenean; saguetan, berriz, ez dute horrelakorik behatu.