Ura, arrunta baina konplikatua

Ura gai kimiko arruntena da, eta formula labur-laburra du. Urak, ezaugarri berezi ugari ere baditu, eta orain ikertzaileek beste bat aurkitu dute.

Gai kimiko arruntena da, eta formula labur-laburra du. Urak, ordea, ezaugarri berezi ugari ere baditu, eta orain ikertzaileek beste bat aurkitu dute Alemanian: oso dentsoa den ur likidoa. Fase likidoen teoria baieztatzeko aurrerapauso handia izan daiteke aurkikuntza hori.

Teoria horrek dio urak bi fase likido dituela tenperatura oso baxuetan: dentsitate handiko fasea eta dentsitate txikikoa. Orain arte, ordea, ez dute inoiz lortu horrelakorik isolatzea, -45 ºC-tik behera baino ezin delako existitu horrelako likidorik. Jakina, tenperatura horretan normalean ura izoztuta egoten da.

Zientzialariek —X izpien bidez— izotz-bloke baten eta siliziozko bloke baten arteko mugari begiratu zioten eta ur-geruza estua ikusi zuten. Geruza likido hori ur normala baino % 17 dentsoagoa zen. Tenperatura 17 ºC-koa zen, baina, ikertzaileen esanean, geruza horren estua izanik, molekulek ez zeukaten mugitzeko aukera handirik. Beraz, tenperatura efektiboa askoz baxuagoa zen, -45 ºC ingurukoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila