Unibertso goiztiarreko galaxia masiboak aurkitu ditu James Webb Teleskopioak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

 

 

unibertso-goiztiarreko-galaxia-masiboak-aurkitu-di
Sei galaxia masibo izan litezkeen objektuen irudiak. Behean eta ezkerrean dagoenak Esne Bideak adina izar izango lituzke, baina 30 aldiz trinkoagoa litzateke. Arg. NASA, ESA, CSA, I. Labbe (Swinburne University of Technology). Irudia prozesatzea: G. Brammer (Niels Bohr Institute’s Cosmic Dawn Center at the University of Copenhagen)

Unibertso goiztiarrean galaxia masiboak izan litezkeenak detektatu dituzte, James Webb Teleskopioak jasotako lehen datuekin. Eredu guztien arabera garai horretarako espero zitekeena baino askoz handiagoak lirateke galaxia horiek. Nature aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Unibertsoko lehen izarrak eta galaxiak behatzea zen James Webb Teleskopioaren helburu nagusia, eta lehenengo behaketa ezustekoa izan da: Big Bangaren ondorengo 500-700 milioi urtetan Eguzkiarena halako 10 mila milioitik gorako izar-masak dituzten sei galaxia aurkitu dituztelakoan daude, haietako bat Eguzkiarena halako 100 mila milioi izar-masakoa.

Unibertsoa hain gaztea zenean (egungo adinaren % 3), galaxiak ere gazteak eta txikiak izango zirela espero zen. Baina, galaxia masibo helduak topatu dituzte, ustez. Hala ere, ikertzaileek azpimarratu dute benetan galaxia masiboak direla berretsi beharra dagoela, beste datu batzuekin, adibidez, espektroskopia-datuekin. Berresten badira, emaitzok erakusten dute galaxiak uste baino askoz azkarrago egin zirela masibo.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila