Ume jaioberriak, odol-emaile

Saharaz hegoaldeko herrialdeetan, malariaren aurkako ohiko tratamenduekin sendatzen ez diren haurren % 25 anemiagatik hiltzen da. Izan ere, malariaren kasu larrienetan, beharrezkoa da odol-transfusioak egitea anemiari aurre egiteko, eta askotan ez da nahiko odol egoten ospitaleetan.

Ghanako Komfo ospitalean arazo horri irtenbidea aurkitu diote. Ume jaioberrien zilbor-hestea transfusioetan erabiltzeko odol-iturri egokia dela ikusi dute hango ikertzaileek. Nahiz eta zilbor-hestean gelditzen den odol-kantitatea txikia izan, nahikoa da malariak larri jotako ume baten bizia salbatzeko.

Hala, egin beharreko transfusioen % 60an, erditzeko gelan lortutako odola erabiltzen da ospitale horretan. Dena dela, ospitale txikietan teknika hori erabiltzea oso zaila izango dela uste dute sendagile batzuek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila