Horixe ohartarazi du beste batzuen artean The Lancet aldizkariak, Txernobylgo hondamendiaren 30 urteurrenari buruzko artikulu batean. Izenburua argigarria da: “Ikasi gabeko lezioak”. Egileak, Chris McCallek, istripua gertatu zen garaian zentral nuklearrean lan egiten zuen lekuko batekin eta osasun-adituekin osatu du artikulua.
Haren arabera, istripua gertatu zenean hainbat akats egin zituzten segurtasun-arduradunek eta agintariek, bereziki, informazioa ezkutatzea. Horrek ondorio larriak izan zituen zentralaren inguruan bizi zen jendearen osasunean. Hondamendiaren hurrengo asteetan, 28 pertsona hil ziren, erradioaktibitatearen ondorioz. Gerora, beste zenbait gaixotasun ohiz kanpoko prebalentziarekin azaldu dira: tiroideetako minbizia, kataratak, larruazaleko gaitzak...
Osasun-arazoetatik harago, McCallenentzat Fukushima da Txernobylek utzitako lezioa ez dela ikasi frogatzen duen ebidentzia nabarmenena. Eta ez segurtasun-akatsak egon zirelako bakarrik —lurrikarak ohikoak diren leku batean egotea, adibidez—, baizik eta jendea ez zutelako behar bezainbeste informatu gertatutakoaren eta arriskuen gainean. Horixe da akatsik handiena artikuluko adituen arabera: ezkutuan gordetzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia