Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendia gertatu zenetik ia 30 urte bete direnean, erradioaktibitateak kutsatutako eremuan ugaztun handiak ugaritzen ari direla frogatu du epe luzeko ikerketa batek. Are gehiago: espezieetako batzuk hondamendiaren aurretik baino ugariagoak dira gaur egun. Portsmouth Unibertsitateko Jim Smith ikertzaileak gidatu du lana, eta Current Biology aldizkariak argitaratu du artikulua.
Istripu nuklearrak kutsatutako eremua erradioaktibitatearen ondorioak ikertzeko laborategi bihurtu da. Hala, espezie askotan erradioaktibitateak duen eragin kaltegarria erakutsi dute hainbat ikerketek, besteak beste, hegaztietan, arrainetan, intsektuetan eta araknidoetan.
Orain argitaratutako ikerketan, ordea, Bielorrusiako kutsatutako eremuan bizi diren ugaztun handiei erreparatu diete. Animalia-kopurua kalkulatzeko, bi metodo erabili dituzte: batetik, 1987tik 1996ra, neguan helikopteroz egindako zenbaketa zuzenak; eta, bestetik, 2008tik 2010era, animaliek elurretan utzitako aztarnei jarraituz egindako neurketak. Gero, Bielorrusiako kutsatu gabeko beste eremu batzuetan antzeko metodoekin lortutako emaitzekin alderatu dituzte kopuruak.
Horrela, egiaztatu dute, kutsatutako eremuan, altzeen, orein arrunten eta basurdeen populazioak nabarmen handitu direla 1987tik. Oreinen kopurua, adibidez, 10 aldiz handitu da 1996tik. Otsoen dentsitatea, berriz, alderatutako eremuetan baino 7 aldiz handiagoa dela ikusi dute. Ikertzaileen arabera, ehiza debekatuta egoteak azaltzen du alde hori.
Horrez gain, animalien dentsitatea lurzoruaren erradioaktibitate-mailarekin erlazionatuta ote dagoen begiratu dute ikertzaileek, eta ezetz ondorioztatu dute. Haien esanean, emaitzek iradokitzen dute giza jarduerak (nekazaritzak, ehizak, basozaintzak...) ugaztun handiei kalte handiagoa egiten ziela erradioaktibitate kronikoak baino.