Jakina da giza tumoreetan bakterioak daudela; duela 100 urte baino gehiago jakin zen badutela barne mikrobiota. Baina ez da inoiz argitu bakterio horiek tumoreen garapenean zeresan zuzena duten edo gerora sartzen ote diren aurrez sortuta zeuden tumoreetan. Bada, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argitu du tumoreen sorreran eragiten dutela.
Bakterio horiek minbizi-zelulen barruan daudela ikusi dute. Hala, bakterioek infektatutako minbizi-zelulak erauzi, eta, haien RNA sekuentziatuz, ikusi dute bakterioek eraldatu egin dezaketela inflamazioan, metastasian, latentzia zelularrean eta DNAren konponketan parte hartzen duten geneen transkripzioa. Emaitzak ikusita, ondorioztatu dute tumoreetako mikrobiotak zeresan handia izan dezakeela minbiziaren garapenean, metastasian eta minbizi-zelulen aurkako erantzun immunologikoan.
Mikrobiota intratumorala aztertzeko, transkriptomika espaziala ere erabili dute, pazienteetatik hartutako tumoreetan bakterioak identifikatzeko, kuantifikatzeko eta mapatzeko aukera ematen baitu. Teknologia horri esker ikusi dute bakterioak ez daudela zoriz barreiatuta tumoreetan. Alderantziz, banaketa espazial oso antolatua dute. Nitxo espezifikoetan kokatuta egoten dira: hain zuzen, beste ehunek baino baskularizazio txikiagoa duten eta immunologikoki deprimituagoak daude guneetan. Gainera, ikusi dute bakterio-espezie batzuk ugariagoak direla, tumore-motaren arabera. Ahoko eta kolon-ondesteko tumoreetan, adibidez, ohikoenak Fusobacterium generokoak direla argitu dute.
Tumoreetako mikrobiotaren antolaketa zehatza eta minbizi-zeluletako geneak kontrolatzeko duten ahalmena ikusita, ikertzaileek adierazi dute funtsezkoa dela minbizia ulertzeko modua aldatzea eta irakurketa holistikoagoa egiten hastea. Izan ere, haien ustez, bakterioak gako izan daitezke tumoreen hedapena kontrolatzeko oraindik ere zer zailtasun izaten diren ulertzeko garaian. Eta ez dute baztertu birus eta onddoak ere inplikatuta egon daitezkeenik. Ikerketa gehiago egiteko beharra azpimarratu dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia