Telelaguntza kirolarientzat

telelaguntza-kirolarientzat
Arg. © JL/123RF

Kirol- eta psikologia-aholkularitza on line jasotzeko aplikazio bat garatu du María Palacios informatika-ingeniariak. Erremintak Teskal du izena, eta bakarrik bidaiatzen duten kirolariei zuzenduta dago, erraztu egiten baitu horien eta prestatzaileen arteko komunikazioa. Galdetegi-sorta bat da oinarrian; eta kirolariaren aldartea, antsietatea, emozio-kontrola, kontzentrazioa... neurtu eta transmititzen ditu. Horri esker, kirolariaren indarguneak eta ahulguneak identifika ditzake entrenatzaileak, eta trebakuntza-planak proposatu, espazioaren eta denboraren mugak gaindituta. Donostiako Iceberg enpresan egin du aplikazioa Palaciosek, EHUren laguntzaz. Eta ikertzaileak azaldu duenez, web-aplikazio horrek oso harrera ona izan du, kirolarien generoa zein kirol-mota (banakakoa nahiz taldekakoa) edozein izanda ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila