Chicagoko Museoak duela bi urte erositako Tyrannosaurus rex-aren eskeletoak espezie honi buruzko informazio gehiago eman digu. Adibidez, tiranosauruek oso usaimen ona zutela frogatu da, garezurrean aurkitutako usaimen-organoen aztarna batzuei esker. Sueren eskeletoa munduko handiena da eta museoko ikerlari-talde bat espeziearen garezurrari buruzko ikerketak egiten aritu da azken bi urteetan.
Tiranosauruaren usaimen-organoen aztarnak aurkitzeko garezurra scanner baten bidez aztertu dute ikerlariek. Chicagoko Museoko Chris Brochu paleontologoaren ustetan, tiranosauruek uste dugun baino sentimen garatuagoak izan zituzten, ikusmena eta usaimena tartean, beren harrapakari-lana egin ahal izateko.