Soinuarekin neuronak pizteko teknika garatu dute: sonogenetika

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Neuronak ultrasoinuen bidez aktibatzeko teknika berri bat garatu dute ikertzaile estatubatuar batzuek. Optogenetika izeneko teknikan argiarekin neuronak aktibatzen diren modu bertsuan funtzionatzen du, baina argiaren ordez ultrasoinuak erabiliz. Sonogenetika deitu diote teknika berriari, eta Nature Communications aldizkarian eman dute haren berri.

Optogenetikan argiarekiko sentikorra den ioi-kanal bat gehitzen zaie aztertu nahi diren neuronei, metodo genetikoak erabiliz; eta, hala, laser baten bidez neurona horiek piztu edo itzali egin daitezke. Arazoa da argiak ez duela ongi zeharkatzen garuna, eta sakonean dauden neuronetara iritsi ahal izateko beharrezkoa izan ohi dela kirurgia bidez zuntz optikoak sartzea, esaterako. Frekuentzia txikiko ultrasoinuek, berriz, arazorik gabe zeharkatzen dute gorputza. Horregatik, ultrasoinuekin ere neuronak kontrolatu ote daitezkeen ikertzen aritu dira Salk Institutuko eta Californiako Unibertsitateko ikertzaileak.

Frekuentzia txikiko ultrasoinuekiko sentikorra den ioi-kanal bat aurkitu dute, eta Caenorhabditis elegans nematodoarekin egin dituzte probak. Lehenik, ziurtatu zuten frekuentzia txikiko ultrasoinuek berez ez dietela eragiten zizare horiei. Gero, ioi-kanal horiek neurona batzuetan espresatuarazi, eta frogatu dute neurona horiek ultrasoinuekin aktibatu daitezkeela. Horretarako, beharrezkoa da gas-mikroburbuilekin ultrasoinuak anplifikatzea.

“Benetako saria izango da ikustea honek ugaztunen garunean ere funtzionatzen duen” dio Sreekanth Chalasani ikertzaileak, Salk Institutuak zabaldu duen prentsa-oharrean. Dagoeneko hasi dira saguetan ikertzen, eta gizakietan ere baliagarria izan litekeen itxaropena dute. “Gizakientzako terapietarako saltoa ematen dugunean, uste dut aukera hobea izango del sonogenetika ez-inbaditzailea, optogenetika baino” dio Chalasanik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila