Saiek aerosorgailuekin talka egiteko arrisku gehien non duten kalkulatu dute. Eta ondorioztatu dute Iberiar Penintsularen % 20 ez dela egokia aerosorgailuak ezartzeko, hegaztietan duen inpaktua kontuan hartzen bada. Environmental Impact Assessment Review aldizkarian argitaratu dute lana.
Sai arreak dira aerosorgailuek gehien eragiten dien espezieetako bat; Espainian 850 inguru hiltzen dira urtean. Eta ikertzaileek uste dute aerosorgailuak saientzat arriskutsuak ez izatea lortuko balitz, gainerako espezieetan duten eragina ere gutxituko litzatekeela, neurri handi batean.
Aerosorgailuek arrisku gehien non sortzen duten jakiteko, Espainian 2014 eta 2022 artean bildutako 177 sairen GPS bidezko mugimendu-datuak aztertu dituzte. Alde batetik, kalkulatu dute zein eremutan egiten duten hegan aerosorgailuen hegalen altueran (16-210 m); eta, bestetik, zein maiztasunekin pasatzen diren eremu arriskutsu horietatik. Horrela kalkulatu dituzten zaurgarritasuna eta esposizioa, eta talka-arriskuaren mapak sortu dituzte. Azkenik, hori erregistratutako heriotza-datu errealekin baliozkotu dute. Baliozkotze horren garrantzia azpimarratu du Jon Morant Etxebarriak, Miguel Hernández Unibertsitateko (Alacant) eta Aranzadiko ikertzaile eta lan honen egile nagusiak: “Horrek ziurgabetasunak murrizten ditu talka-arrisku handiko lekuetan”.
Eredu horiekin kalkulatu dute zenbat sai dauden arriskuan eta zenbat egon litezkeen energia eolikoaren garapenaren arabera. Eta ikusi dute gaur egun sai asko daudela arriskuan. Kalkulatu dutenez, sai arreen populazio ugaltzailearen %18 talka-arrisku handiko eremuetan dago. Bestalde, nabarmendu dute badagoela aukera energia berriztagarri horren garapenarekin jarraitzeko, inpaktu txikiagoarekin. Horretarako, “beharrezkoa da energia eolikoaren garapena espazioan planifikatzea, putreentzat eta beste espezie kalteberentzat arrisku txikia duten eremuak aukeratuz”, dio Morantek. ”Biodibertsitaterako aukera seguruagoak bilatu behar dira, faunaren kontserbazioa eta energia berriztagarrien garapena bateratzeko”.
Elhuyarrek garatutako teknologia