Rosetta misoaren jomuga nukleo bikoitzeko kometa bat da

Kometa batean lur hartuko duen lehen misioa da

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

rosetta-misoaren-jomuga-nukleo-bikoitzeko-kometa-
67P/Churyumov-Gerasimenko kometaren uztailaren 11ko irudiak. Irudietan ikusten da kometa bi nukleoz osatuta dagoela. Arg. ESA/CNES

Asteartean zabaldu ziren irudiak Interneten, baina ESAk ez du gaur arte baieztatu 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa nukleo bikoitzeko kometa bat izan daitekeela.

2004ko martxoan jaurti zuen ESAk Rosetta, Europako Espazio Agentziak, eta, dena ondo, aurtengo azaroan beteko du helburua: 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan lur hartzea. Joan den urtarrilean esnatu zen lozorrotik, eta abuztuaren 6an iritsiko da kometaren inguruko orbitara. Ondoren, azaroan, zundak daraman Philae ontziak hartuko du lur kometan. Helburua betetzen bada, kometa batean lurreratuko den lehen misioa izango da ESAren Rosetta.

Gerturatu  ahala, jomugaren irudi geroz eta zehatzagoak bidaltzen ari da ESAren kontrol zentrora, eta, azkenekoetan, sorpresa hartu dute astronomoek. Uztailaren 11ko irudietan  —kometatik 17.000 km-ra hartutakoak– elkarri itsatsitako bi zati ikusten dira, ez bat. Irudiek zirrara eragin dute misioa jarraitzen ari diren astronomo eta zientzialari askoren artean. “Ezin du itxoin Churymov-Gerasimenko kometaren irudi txundigarri hauek argitaratzeko” , zioen Emily Lakdawallak The Planetary Society-ren blogean asteartean, ESAk irudiak ofizialki argitaratu baino bi egun lehenago.

Klikatu bideoa ikusteko Arg. ESA/Rosetta/MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/SSO/INTA/UPM/DASP/IDA

Zirrararekin batera, kezka pixka bat ere zabaldu da. Izan ere, kometa elkarri itsatsitako bi nukleoz osatua egoteak zaildu egin dezake Philae ontziaren lurreratzea.  Zailtasunak zailtasun, “halako kometa bat ikertzearen sari zientifikoa handia" dela azpimarratu du ESAk.

Halako objektuak nola sortu direnari buruzko hipotesi bat baino gehiago dagoela azaldu du ESAk gaur argitaratutako oharrean. Aukera bat da abiadura txikian talka egin eta elkartutako bi kometa izatea. Beste aukera bat da kometa bakarra izatea, eta forma berezi hori hartu izana gorputz oso handien bultzada grabitazionalaren ondorioz, adibidez, Jupiter edo Eguzkia.

Une hauetan helmugatik 8.200 km-ra dago Rosetta. Oso gutxi falta da 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa zehatz-mehatz nolakoa den ikusi ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila