Hamar urte eta 6.400 milioi km-ko bidaia egin ondoren, gaur iritsi da jomugara Europako Espazio Agentziaren Rosetta zunda. Dagoeneko 67P/Churyumov-Gerasimenko kometaren inguruko orbitan da, gainazaletik 100 bat km-ra. “Europaren Rosetta kometa batera iritsi den historiako lehen espazio-ontzia da; gure jatorria esploratzeko pauso handia da” adierazi du Jean-Jacques Dordain ESAko zuzendari nagusiak. Orain pixkanaka kometara gehiago hurbiltzen jarraituko du, eta, dena ondo badoa, azaroan Rosettak daraman Philae moduluak kometan lur hartuko du.
2004ean abiatu zen Rosetta Lurretik, 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa helburu. Bidean, hiru aldiz jaso du Lurraren grabitate-indarraren laguntza, eta behin Marterena. Eta Steins eta Lutecia asteroideekin topo egin eta argazkiak atera zizkien. Lozorroan ere pasa zituen bi urte eta erdi; eta, joan den urtarrilean esnatu eta abiatu zen berriz kometaren bila.
Bideo honetan ikus daiteke Rosettaren ibilbidearen laburpena:
Azken asteotan, kometara gerturatu ahala, irudi eta datu berriak bidali ditu zundak. Uztailaren 11an, 17.000 km-ra hartutako irudiek sorpresa eta zirrara eragin zuten: kometa elkarri itsatsitako bi nukleoz osatuta zegoen.
Gero, 14.000 km-tik 5.000ra hurbildu bitartean, tenperatura hartu zioten. Kometaren batez besteko tenperatura -70 ºC-koa da. Eguzkiarekiko distantzia kontuan hartuta espero zitekeena baino 20-30 ºC epelagoa dela adierazi zuten ESAko adituek. “Oso datu interesgarria da hori, kometaren gainazalaren konposizioaren eta propietateen inguruko lehen pistak ematen batizkigu” zioen Fabrizio Capaccionik ikertzaileak ESAren prentsa-oharrean.
Laster jakingo dugu askoz gehiago. Izan ere, abuztuaren 24rako 50 km-ra hurbiltzea aurreikusten dute, irailaren 10erako 30 km-ra. Puntu horretara iritsita, kometaren grabitate-indar ahulak nahikoa behar luke Rosetta orbitan mantentzeko. Hala ere, 20 km-raino hurbilduko da iraila bukaeran, eta kometaren jardueraren arabera, litekeena da urrian 10 km.raino hurbiltzen saiatzea. Bitartean, datuak hartu eta hartu ariko dira Rosettak daramatzan 11 tresnak, eta, Philae ontziak lur hartzeko lekurik onena zein den ere erabakiko dute. Lur hartzea azaroan izatea aurreikusten dute.
Ibilbide hau jarraituko du Rosettak gutxi gorabehera gaurtik aurrera:
67P/Churyumov-Gerasimenko kometak 6,4 urtean osatzen du eguzkiaren inguruko itzulia, eta orain eguzkira hurbiltzen ari da. Bide horretan lagun izango du Rosettak, eta, besteak beste, eguzkira hurbildu ahala kometan gertatzen diren aldaketak aztertu ahal izango ditu. Bestalde, eguzki-sistemaren sorrerari buruzko informazio preziatua jasotzea espero dute ikertzaileek. Izan ere, astrofisikarien ustez, eguzki-sistema sortu zenetik kometek ia ez dute eboluziorik jasan, eta, horregatik, litekeena da prozesu hari buruzko pista garrantzitsuak gordetzea.
--> ESAk ez du momentuz Rosetta jaurtiko
--> Rosetta-ren bigarren helburua
--> Rosetta: lozorrotik aterata, helmugara berrabiatzeko prest
--> Rosetta misoaren jomuga nukleo bikoitzeko kometa bat da