Quark-Gluoi plasmaren arrastoak

CERN edo partikulen fisika aztertzeko europako laborategiak azken bost urteetan ioi astunekin egindako talka-esperimentuen emaitzak kaleratu ditu. Esperimentu horiekin lortutako emaitzek quark-gluoi plasma izatea posible dela adierazten dute, nahiz eta oraingoz plasma zuzenean behatu ahal izan ez den.

Ioi astunen arteko talketan inoiz baino energia handiagoak lortu dituzte fisikariek. Esperimentuetako tenperatura eta dentsitate-balioak teorien arabera quark-gloui plasma sortzeko behar diren balioetatik oso gertu ibili dira, eta lortu diren emaitzek plasmaren arrastoak erakutsi dituzte, zuzenean detektatzea gertatu ez den arren. Izan ere horretarako energia handiagoko talkak behar dira.

CERNeko adituen ustez EEBBetako Energia Departamentua Brokhaven-en eraikitzen ari den RHIC azeleragailuak (ioi astunen talkarako azeleratzaile erlatibistak) talka-energia kritikoa lor dezake. Azeleratzaile hori aurten jarriko da martxan, eta, beraz, ordura arte itxaron beharko dute quark-gluoi plasma zuzenean detektatu ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila