Probabilitatearen menpe

Matematikako legeek diotenez, ezin da halabeharra luzaroan engainatu. Zerbait gertatzeko probabilitatea baldin badago, azkenean gertatu egingo da, batez ere horretarako nahikoa denbora dagoenean. Lege honek NASAko agintariak kezkaturik dauzka azkenaldian, ISS Nazioarteko Espazio Estazioaren lehen faseak martxan dauden honetan.

NASA

Izan ere, hurrengo urteetan 30 moduluz osatutako amarauna eraikitzeko asmoa dago, eta horretarako misio ugari egin beharko dira, misio hauetako bakoitza gaizki ateratzeko dagoen probabilitatea onartuz. Espazioan dauden arrisku handienak hauek dira: astronautentzat, erradiazioaren ondorioz minbizia harrapatzeko arriskua; moduluentzat, espazioko partikula batekin talka egitea, eta koheteentzat, barnean daramatzan gasek eztanda egitea.

NASAk era guztietako probabilitateak kalkulatu ditu, eta ondorioak ez dira oso baikorrak: kohete batek eztanda egiteko probabilitatea % 8koa da; astronauta bat minbiziaz hiltzekoa % 1ekoa; 20 urtetan zehar partikula batek moduluren batean zuloa egiteko probabilitatea % 42koa da; azkenik, 20 urtetan zehar kohete batek estazioarekin elkartzean eztanda egiteko probabilitatea % 99koa da. Kontuan hartu behar da ISS estazioa eraikitzeko 100 misio baino gehiago egingo direla, eta probabilitate batzuk txikiak izan arren, istripuak izateko aukera handiagotu egiten dela. Horregatik, Thomas Young NASAko Aholku Kontseiluko partaideak dioenez, 100 misio horietan zehar pertsonak hil egingo direla onartu beharra dago, errealista izan nahi bada.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila