Hain zuzen, erlazio hori ba ote zegoen ikusteko asmoz egin dute esperimentua. Izan ere, boluntarioetako askok osasun-arazoak izan zituztela adierazi zuten gerora, bereziki, arnas-aparatuan, eta genoman kalteak zituztela ere frogatu zuten kasu batzuetan. Baina zaila zen kalte horien jatorria fuel-olioa zela frogatzea, ez baitzuten esposizioari buruzko datu zehatzik.
Hutsune hori gainditzeko asmoz, Prestige-k zeraman fuel-oilaren antzeko nahasketa bat arnasarazi diete bi arratoi-motari, inhalazio-ganbera batean. Emaitzak garbiak izan dira: fuel-olioak isuritako konposatuek kalteak eragiten ditu DNAn eta DNA konpontzeko mekanismoan, batez ere hamabosgarren egunetik aurrera. Hala ere, arratoi-motatako batek besteak baino kalte nabarmenagoak jasan ditu.
Journal of Toxicology and Environmental Health aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, ikertzaileen ustez, ondorioak baliagarriak dira fuel-olioaren eraginpean dauden pertsonentzat, ez bakarrik isuriak garbitzen aritzen direnentzat, baita petrolio-hobietan, birfindegietan, gasolindegietan eta halakoetan lan egiten dutenentzat ere.