Poluzioaren kontra, barazki-menestra?

Lurzoruaren poluzioa gero eta arazo kezkagarriago eta larriagoa da. Europako Batzordeak argitaratutako txosten batean irakur daitekeenez, ekonomiaren garapena oztopatzera ere hel daiteke industri lurzoruaren poluzioari aterabiderik bilatzen ez bazaio.

Oxfordeko ikertzaile-talde batek dioenez, genetikoki manipulatutako aza eta azaloreak landatzea izan daiteke metal astunez poluitutako lurzoruak garbitzeko eratako bat.

Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile-talde bat horretan ari da; poluzioaren kontrako tratamendu kimikoak baztertu eta biokonponketaren bidea urratzearren, teknika bitxia ari dira erabiltzen: azak eta azaloreak landatzen dituzte poluiturik dauden lurzoruetan eta horri esker sail horiek “garbitzea” lortuko dela uste dute.

Jakina, poluzioari aurre egiten dioten aza eta azaloreak ez dira herriko azokan aurkitzen ditugunak. Izan ere, metal astunak xurgatzeko gaitasuna duten egokitzapen genetikoak egin behar zaizkie landare horiei aipatu helburua bete dezaten. Hala uste dute Oxfordeko ikertzaileek eta itxura guztien arabera, zuzen daude.

Ikertzaileek frogatu dutenez, zenbait landarek metal astunez poluituriko lurzoruetan erraz irauten dute. Zinkak, bromoak edo berunak ez diote landareen garapenari eragiten; metalak pilatu egiten dituzte, baina horrek ez die batere kalterik egiten.

Ikertzaileen iritziz, beraz, xurgapen-prozesu naturalek oso garestiak diren prozedura kimikoak ordezka ditzakete. Histidina izeneko aminoazidoa omen da landare xurgatzaileen gakoa eta, beraz, substantzia hori ekoiz dezaten, genetikoki manipulatuko dira landareak.

Madrilgo Bioteknologia Zentro Nagusian, bestalde, metal astunak pilatuko dituen bakterioa ekoizteko ahaleginetan ari dira; hauek ere Oxfordeko ikertzaileek darabilten hipotesi bera frogatu nahi dute, hots, biokonponketa eraginkorra izan daitekeela metal astunek poluituriko lurzoruak garbitzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila