New Horizons zundak 2015eko uztailean Plutonen ondotik pasatzean hartutako datuak bidaltzen jarraitzen du. Datu horietako batzuk aztertu ondoren ateratako emaitzak eta ondorioak argitaratu dituzte gaur Science aldizkarian, bost artikulutan (1, 2, 3, 4, 5).
Artikuluetako batean, Plutonen eta Karonen ezaugarri geologiko anitzak deskribatzen dituzte. Bi astroek antzekotasunak baino desberdintasun gehiago dituztela ikusi dute. Plutonen antzeman dituzte tektonika, mugimendu glaziarrak, ur-izotzezko bloke handien garraioa, eta mendixka zabalak. Azken horiek izotzezko sumendien eraginez sortuak izan litezkela uste dute. Gainera, Plutonen gainazalaren aldakortasunak iradokitzen du, eraldaketa asko izan dituela higaduraren gisako prozesuen eraginez. Eta horrek esan nahi du geomorfikoki aktiboa izan dela azken ehunka milioika urtetan. Karonek, berriz ez du halako jarduerarik izan azken urteetan; Plutonek baino krater eta zaharragoak ditu, eta bi zati desberdin ditu: iparraldea erliebetsua da, eta heboaldea askoz lauagoa.
Beste artikulu batean, Plutonen eta Karonen izoztutako gainazalen kolorea eta konposaketa aztertu dituzte. Plutonen gainazalean ur- eta nitrogeno-izotz lurrunkorrak dira nagusi, eta hainbat denbora-eskala desberdinetan gertatzen diren prozesu geomorfikoen eraginez, oso konplexua da izotz horien banaketa.
Bestalde, Plutonen atmosfera aztertuta, uste baino hotzagoa eta trinkoagoa dela ondorioztatu dute. Eta geruza asko dituela. Eta, Estix, Nix, Zerbero eta Hidra ilargi txikiak ere aztertu dituzte; forma irregularra dute, gainazal distiratsua, eta azkar biratzen dute. Azkenik, Plutonek inguruko espazioan duen eragina nolakoa den azaldu dute, eguzki-haizeari, partikula energetikoei eta hautsari dagokionez.
Elhuyarrek garatutako teknologia