Hubble teleskopioaren behaketen bidez, Plutonen bosgarren satelitea aurkitu dute astronomoek. S/2012 (134340) 1 izen ofiziala eta P5 izen arrunta jaso ditu momentuz, eta oso txikia da. 15 eta 25 km arteko diametroa duela kalkulatu dute astronomoek, eta 93.000 km-ra biratzen duela, orbita zirkularrak osatuz.
New Horizons misioa Plutonen sistemara iristen denerako prestaketa-lanetan detektatu du satelite ezezaguna Hubblek. 2015ean iritsiko da misioa hara, eta zundarentzat ibilbide ahalik eta seguruena diseinatzeko lanen parte dira behaketak. Izan ere, harri koskor baten tamainako objektu bat aski litzateke zunda suntsitzeko.
Plutonen inguruan satelite txiki berriak aurkitzeak sistemaren sorreraren hipotesi nagusia indartzen du; hau da, Plutonen tamainako beste gorputz baten kontrako talkaren emaitza direla.