Periodo berria taula geologikoan

Ediacararra periodo berria sartu dute taula geologikoan, 15 urteko eztabaidaren ondoren.
BONNGO UNIB.

Ediacararra periodo berria sartu dute taula geologikoan, 15 urteko eztabaidaren ondoren. Periodo hori duela 600 milioi urte inguru hasi eta duela 542 milioi urte inguru amaitu zen. Tarte horretan hasi omen zen ugaritzen bizitza multizelularra.

Glaziazio global baten ostean hasi zen aipatu periodoa eta klima-aldaketak bultzatu omen zuen bizitza konplexuaren garapena. Garai hartako fosilak oso bereziak dira. Adituen ustez, orduko bizidun gehienak itsas hondoan bizi ziren. Hurrengo periodoan, Kanbriarrean, lehenengo harrapariak agertu ziren, eta horrek desagerrarazi omen zituen Ediacararrean ugaritu ziren bizidunak.

Nazioarteko Estratigrafia Batzordean hiru bozketa gainditu eta gero onartu dute periodo berria. Geologo errusiarrak, ordea, ez dira gustura geratu izenarekin. Ediacara Australiako mendietako leku baten izena da, baina geologo errusiar batek emandako Vendiarra erabili izan dute askok denbora-tarte hori izendatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila