Paleolitoko labar-arteak askotariko funtzioak zituela baieztatu dute Euskal Herriko kobazuloetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

paleolitoko-labar-arteak-askotariko-funtzioak-zitu
Ikerketan aztertutako irudi-multzo bat, Santimamiñen. Arg. Iñaki Intxaurbe Alberdi

Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela. Archaeological and Anthropological Sciences aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte emaitzak, eta lehen egilea Iñaki Intxaurbe Alberdi da. 

Hain zuzen, doktore-tesia ari da egiten Intxaurbe EHUn, Diego Garate Maidaganen (UNICAN) eta Martin Arriolabengoa Zubizarretaren (EHU) zuzendaritzapean. Intxaurbek aitortu duenez, emaitzak ezustean harrapatu du, ez baitzuen uste irudiak sailkatzeko halako eredurik aurkituko zutenik.

Irudien ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera, lau multzotan sailkatu dituzte arkeologoek. Arg. Iñaki Intxaurbe Alberdi

Horra iristeko, metodo konputazionalak konbinatu dituzte, hala nola 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika. Horrela egiaztatu dute lau taldetan bereizten direla. 

Irudiek zeukaten funtzioari erreparatuta, bi taldek antagonikoak diruditela azaldu du Intxaurbe. Batzuetan, eszenaratzea zaindu zen; hau da, ikusiak izateko egin ziren. Beste batzuetan, aldiz, kontrakoa bilatu zen: leku ezkutuan eta sarbide zailekoetan eginda daude, eta ez dira erraz ikusten. 

Hori kontuan hartuta, funtzio desberdinak zituztela iradoki dute ikertzaileek. Lehenengoek litekeena da funtzio xamanikoa izatea. Helduek eginda daude (goialdean), eta, ziurrenik, kontakizunekin lotuta zeuden, talde ertainak edo handiak har lezaketen espazioetan baitaude. Bigarrengoek badirudi beste arrazoi batzuei erantzuten dietela, hala nola igarotze-erritoei. Ohikoa da lurretik gertuago dauden eremuetan aurkitzea, baita beste aukera batzuk zeudenean ere. Haiekin batera, haurren edo nerabeen aztarnak aurkitu direnez (oin biluzien aztarnak, hatzekin egindako marren tamaina, eta abar) litekeena da haiek izatea egileak

Madeleine aldiko irudien beste talde bat buztinean grabatutako elementuek eta egindako eskulturek osatzen dute. Intxaurberen esanean, haitzuloetako eremu sakon eta ezkutuenetan bakarrik aurkitu ohi dira, eta pentsa bazitekeen arren agian leku irisgarrietakoak galdu egin direla, eta horregatik aurkitzen diren guztiak leku zailetan daudela, badirudi ez dela hori arrazoia: “Izan ere, historiaurreko aldi haren ondoren, arrazoi geologikoengatik, itxita geratu ziren beste kobazulo batzuetan ere (adibidez, Erberua, La Garma, Fontanet...), leku ezkutuetan bakarrik aurkitu dira. Hortaz, ematen du erabaki kultural bat izan zela".

Azkenik, zeinu abstraktuek osatzen duten taldea dago. “Horietan ez dugu ikusi kokapen berezia zutenik, ausaz agertzen dira apaindutako haitzuloaren edozein lekutan. Interpretatu izan da taldearen identitate-ikurrak zirela, orduan berdin du sarreran edo sakonean egitea, beti izango baitute esanahi bera”, azaldu du Intxaurbek. Horrez gain, aipatu du etorkizunean mota horretako irudi gehiago sartzeko asmoa dutela (Armintxe, El Pindal edo Cullalvera kobazuloetan daudenak, esaterako), baliozko estatistika-inferentziak ezartzeko.

Aztertutako irudi guztiak (500 inguru) Euskal herriko kobazuloetakoak dira, eta, azterketa egitean, irudi berriak ere aurkitu dituzte, adibidez, Santimamiñen  eta Ekainen. Pirinioetako, Dordoinako eta Kantaurikoko kobazuloetako irudiekin ere alderatu dituzte emaitzak, eta etorkizunean emaitza gehiago izango dituztela aurreratu du Intxaurbek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila