Oxitozinak autismoaren tratamenduan nola lagundu dezakeen zehaztu dute

Oxitozina hormonak jokabide sozialean eragiten du. Are gehiago, eremu sozialean arazoak dituztenen tratamenduan lagungarria izan daitekeela uste da, autismoa duten pertsonen kasuan, esaterako. Oraingoan, oxitozinak autisten jokabide sozialean zein mekanismoren bidez eragiten duen argitu dute EHUko Olga Peñagarikano ikertzaileak eta Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek elkarlanean. PNAS aldizkari entzutetsuak argitaratu du ikerketa.
oxitozinak-autismoaren-tratamenduan-nola-lagundu-d
Arg. EHU

Saguekin egindako entseguetan ikusi dute oxitozina askatzeak anandamidaren ekoizpena handitzea eragiten duela. Anandamida neurotransmisore bat da, kanabinoide endogenoen taldekoa, eta haren kantitatea handitzean saguek sozialki elkarrekin jarduteko joera handiagoa dutela frogatu dute. Emaitza horien arabera, baliteke pertsonetan eragin bera lortzea anandamida askatuz.

Olga Peñagarikano ikertzaileak urteak daramatza autismoaren kausa neurobiologikoak ikertzen, tratamenduak aurkitzeko helburuarekin. Haren hitzetan, “gaur egun oraindik ez dago oxitozinan oinarritutako tratamendu farmakologikorik jokabide soziala hobetzeko, baina autismorako terapia itxaropentsuenetako bat da oxitozinaren sistemaren manipulazioa”.

Hain zuzen ere, jokabide sozialaren hobekuntza hori oxitozinaren sisteman zehazki zein konposatuk eragiten duen argitu izana gakoa izan daiteke, autismoaren etorkizuneko tratamendurako bide berriak irekitzeko. Peñagarikanoren hitzetan, “lan honetan garrantzitsuena da oxitozinak jokabide soziala eraldatzeko duen mekanismo berri bat aurkitu dela, endokanabinoideak askatzearen bidezkoa”.

Olga Peñagarikano EHUko ikertzailea Arg. EHU

Oxitozinaren seinalizazio-bide hau ezezaguna zen orain arte, eta jokabide komunikatibo eta sozialean disfuntzioren bat duten gaixotasunetan eragin handia izan dezake, autismoan kasu. Peñagarikanoren hitzetan, “batetik, badirudielako autismoa duten gizabanakoen parte batek oxitozinaren seinalizazio-bidea ukitua izan dezaketela; hortaz, ikerketarako bide berria irekitzen da hemen. Bestetik, terapia farmakologikoak garatzeko itu berria izan daiteke. Nahiz eta badakigun oxitozinak jokabide soziala eraldatzen duela eta orain arte autismoan egin diren entsegu klinikoek, oro har, emaitza onak eman dituztela, paziente guztiek ez dute ondo erantzuten eta emaitza negatiboak ere ikusi dira. Hortaz, garrantzitsua da oxitozinaren seinalizazio-bideak ondo ezagutzea, jokabide komunikatibo eta sozialaren alderdi desberdinekiko bere akzio-mekanismoa zehaztea, bideratutako terapiak sortzeko. Mekanismo desberdinak ezagututa, jakingo dugu gaixo bakoitzak zein seinalizazio-bidetan duen  disfuntzioa, eta horrek terapia pertsonalizatuagoetara eramango gaitu”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila