EAEko osasun-sisteman elikadura-sistema iraunkorrak garatzeko beharrezkoak diren erronkei buruzko gogoeta egiten du RENASCENCE proiektuak (EHU). Hain zuzen ere, elikagaien erosketa publikoa funtsezko tresnatzat jotzen dute, egungo elikadura-sistemako paradigma aldatzeko eta helburu politiko iraunkor eta espezifikoak garatzen laguntzeko.
Hala, ospitaleen erosteko ahalmena aprobetxatzea proposatzen dute, tokiko elikagai jasangarriak lehenetsiz, elikagaiak ekoizteko eredua erresilienteagoa eta iraunkorragoa bihurtzeko. Bide horretan, lan-dokumentu bat argitaratu berri dute, Osakidetzako eta Euskal Elikadura Sistemako hainbat eragilerekin elkarlanean egindako bi lan-saiotatik eratorria. Lan-saio horietan, Osakidetzan elikagaien erosketa jasangarriaren egungo egoera aztertu zen, eta elikadura-estrategia iraunkorra garatzeko beharrezkoak diren erronkak eta ekintza-planak identifikatu zituzten.
“Elikagaien Erosketa Jasangarrirako Estrategia Osakidetzako Ospitaleetan, Euskal Osasun sisteman elikadura sistema jasangarria sustatzeko hazi bat” da txostenaren izenburua, eta, guztira, 13 erronka eta 30 ekintza plan aurreikusten ditu. Egileen esanean, askok pentsa dezaketen arren zaila dela elikagaien erosketan egungo praktiketatik jarduera jasangarrietaranzko trantsizioa egitea, ebidentziak erakusten du aldaketa beharrezkoa dela eta orain dela horretarako unea. Aldaketa hori bultzatzeko asmoz aurkeztu dute, beraz, proposamena.
Elhuyarrek garatutako teknologia