Kanadako D-Wave Systems enpresak adierazi du lehendabiziko ordenagailu kuantiko funtzionala sortu duela. Ohiko ordenagailuak baino 100 aldiz mantsoagoa da, baina, diotenez, ordenagailu kuantikoak garatzeko bidearen hasieran baino ez daude.
Ordenagailu kuantikoek ohiko ordenagailuekiko duten desberdintasun nagusia informazioa prozesatzeko era da. Ohikoek bitetan prozesatzen dute, eta bitek 0 edo 1 balioa izan dezakete. Kuantikoek, bitak beharrean, qubitak erabiltzen dituzte. Qubitek 0, 1 edo aldi berean 0 eta 1 balioak izan ditzakete.
Berezitasun horri esker, ordenagailu kuantikoek eginkizun bat baino gehiago egin dezakete aldi berean, ohiko ordenagailuek ez bezala. Baina eragozpen bat ere badute: qubit bakoitzak eta inguruan dituen beste qubitek elkarri eragiten diote, eta, horren ondorioz, erraz gal dezakete duten informazioa. Oso zaila da qubit asko dituen ordenagailu baten funtzionamendua kontrolatzea. Egin dutenak 16 qubit ditu.