New Horizons Plutonen ondoan da

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

new-horizons-plutonen-ondoan-da
Pluton, 766.000 kilometrora. Arg. NASA-JHUAPL-SWRI

Dena ondo joan bada, NASAren New Horizons zunda dagoeneko iritsi da Plutonen ondora. Bederatzi urte eta erdi, eta 5 mila milioi kilometro inguruko bidea egin ondoren, hemengo 13:49tan iritsi da planeta nanotik hurbileneko puntura, 12.500 kilometrora.

Dena den, gaur ezer gutxi jakingo dugu, zundak ez baitu ia informaziorik bidaliko, ahalik eta behaketa gehien egiten nahikoa lan izango duelako. Plutondik gertueneko puntutik pasa ondoren, 14:04ean Karondik gertueneko puntutik pasa da, nahiz eta Pluton baino askoz urrunago gelditu zaion, 29.000 kilometrora. Jarraian Plutonen eta Karonen itzaletik pasatzeko diseinatuta dago ibilbidea. Izan ere, modu horretan Plutonen atmosfera aztertu ahal izango du, eta Karonek ere atmosferarik baduen edo ez begiratu.

New Horizons zunda. 0,7 metroko altuera du, 2,1 m-ko luzera eta 2,7 m-ko zabalera. eta 478 kg-ko pisua. Arg. NASA

Gero, ondo bidean, etxera deituko du, dena ondo joan dela esateko. Gaueko ordu txikietan iritsiko da dei desiratua (2:53), eta orduan ospatuko du lorpena misioa gidatzen ari den taldeak, John Hopkins Unibertsitateko Fisika Aplikatuko Laborategiko kideek. Lehenengo argazkiak, bihartik aurrera bidaliko omen ditu, eta Plutondik gertu egon den ordu hauetan jasotako informazio guztia jasotzeko, pazientziaz itxaron beharko da, 16 hilabete beharko baititu jasotako 60 Gb-ak bidaltzeko.

Kuiperren gerrikoko objekturen bat gertutik behatzen den lehenengo aldia da hau. Eta, bat bakarrik ez, gutxienez sei behatzeko aukera ari da izaten New Horizons zunda: Pluton eta haren bost ilargiak, Karon, Estix, Nix, Zerbero eta Hidra. Dagoeneko, hurbiltzen ari zen bitartean hartutako hainbat argazki eta datu eskaini ditu New Horizonsek. Esaterako, Plutonen diametroa 2.370 kilometrokoa dela zehaztu du (10 km-ko errorekin), azken kalkuluek ziotena baino 70 kilometro handiagoa. Karonek 1.208 kilometroko diametroa duela ere baieztatu du, eta beste bi ilargiren diametroak ere eman ditu: Nixek 35 km inguru ditu, eta Hidrak 45.

Bederatzi urte eta erdiko bidea

New Horizons zunda. Bidali-aurreko prestaketa-lanak. Arg. PD-USGov-NASA

2006ko urtarrilaren 19an jaurti zuten New Horizons, Cabo Cañaveraletik (Florida), inoiz lortutako ihes-abiadura handienarekin: 16 km/s (58.536 km/h). 2007an Jupiterren ondotik pasa zen, eta haren grabitate-indarraren laguntzaz 4 km/s handitu zuen abiadura. Horri esker, hiru urte gutxiago behar izan ditu New Horizons-ek Plutonera iristeko. Energia aurrezteko, 2007an bertan lozorroan sartu zen, 2014ra arte.

Abiatu zenean, ustez, eguzki-sistemako azken planetarantz abiatu zen, baina hori urte hartan bertan aldatu zen. Izan ere, erabaki zen Pluton ez zela planeta bat, planeta nano bat baizik. Eta ez zen bidean gertatuko zen aldaketa bakarra izango. Nix eta Hidra ilargiak aurkitu berriak ziren (2005), New Horizons atera zenean, baina azken biak ez ziren ezagutzen. Hubble teleskopioak 2011n detektatu zuen Zerbero, eta 2012an Estix. Sorpresa handia izan zen. Uste baino sistema konplexuagoa zen.

Pluton planeta nanoak eta haren ilargi handienak, Karonek, sistema bitar bat osatzen dute. Elkarrekin biratzen dute, bien artean dagoen grabitate-zentro berarekiko, eta beti elkarri alde bera erakutsiz. Eta haien inguruan dabiltza, nahiko modu kaotikoan, beste lau ilargi txikiak; denak, Karon baino askoz txikiagoak.

Pluton 50 milioi kilometrora Arg. NASA-JHUAPL-SWRI

Planeta nanoa itxura hartzen

New Horizons Plutonera gerturatu ahala, lehenago argi-puntu lauso bat baino ez zena, benetako planeta nano baten itxura hartzen joan da. Ekaina hasieran, 50 milioi kilometrora, oraindik oso lauso ikusten zen, baina teleskopioekin inoiz ateratakoak baino argazki hobea atera zuen New Horizonsek (eskuinean).

Uztailaren 7an, 8 milioi kilometrora, Plutondik gertuen dagoenean ikusiko duen aldeari argazki hau atera zion (behean). Behealdean eta ezkerrean ageri den orban ilun handiari “balea” deitu zioten, eta eskuinaldeko orban argiari “bihotza”.

Pluton 8 milioi kilometrora Arg. NASA-JHUAPL-SWRI

Uztailaren 8an ateratako irudiak, 6 milioi kilometrora, argi utzi zuen zein desberdinak diren Pluton (eskuinean) eta Karon (ezkerrean). Pluton gorrixka da, eta orban distiratsu eta ilunen arteko kontrastea nabarmena da. Karon ilunagoa da oro har, eta are ilunagoa den polo bat du.

Pluton eta Karon, 6 milioi kilometrora Arg. NASA-JHUAPL-SWRI

Uztailaren 11n, Plutondik 4 milioi kilometrora ateratako beste irudi hau da (behean) hurbil egongo den egunetan ikusiko ez duen aldeari ateratako irudi onena. Puntu ilunen banda bat ikusten da, eta gainaldean forma zirkular eta hexagonal bat. Zientzialariek ez dakite zer izan daitezkeen.

Plutonek 6,38 egun behar dituenez bere buruari bira bat emateko, gertuen egongo den 3 egunetan, beste aldea bakarrik behatu ahal izango du. Dena den, urruntzen ari denean berriz izango du beste aukera bat beste aldea aztertzeko, Karonek islatutako argiaz baliatuz.

Pluton, 4 milioi kilometrora Arg. NASA-JHUAPL-SWRI

Uztailaren 11an Karoni ateratako beste argazki honetan kraterrak eta arroila erraldoiak diruditenak ikus daitezke. Arroiletako handiena, Arizonako Arroila Handia baino luzeagoa eta sakonagoa da.

Karoneko arroilak Arg. NASA-JHUAPL-SWRI

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila