Vanderbilt Unibertsitateko John Caprak zuzendu du ikerketa. Bertan, jatorri europarreko 28.000 pertsonaren osasun-datuak neandertalengandik jasotako gene-taldeekin (haplotipoak) alderatu dituzte, eta emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte.
Ikertzaileek azaldu dutenez, lehenik neandertal jatorriko 135.000 aldaera genetiko edo SNP identifikatu dituzte. Gero, SNP horiek osasunean nola eragin dezaketen bilatu dute, eta horrela ikusi dute 12 gaitz edo asaldurarekin korrelazio estua dutela, tartean, depresioarekin, miokardio-infartuarekin eta zirkulazio-arazoekin.
Aurkitu dituzten erlazioetako batzuk lehendik zeuden hipotesiak baieztatu dituzte. Esate baterako, susmoa zuten neandertalen geneek keratinozitoei eragiten dietela. Hain zuzen, zelula horiek larruazala babesten dute ingurumeneko erasoetatik, adibidez, erradiazio ultramoretik eta patogenoetatik. Oraingo analisiak frogatu du neandertalen DNA-aldaerek areagotu egiten dutela eguzkiak eragindako larruazaleko gaitz bat izatea, keratosia, keratinozito akastunak sortzen baitira.
Beste erlazio batzuk ezezagunak ziren, hala nola, neandertalen DNA-aldaera baten eta nikotinarekiko adikzioaren arteko lotura. Depresioarekin lotutako aldaerak ere aurkitu dituzte, batzuk onuragarriak, eta besteak kaltegarriak.
Capraren arabera, litekeena da, hasiera batean, neandertalengandik jasotako herentzia genetikoa onuragarria izatea Afrikatik atera eta Europara hedatu ziren lehen populazioentzat, baina gaur egun, dugun bizimoduarekin eta gure ingurunean, kaltegarriak bilakatu dira. Horren adibide da odola koagulatzea errazten duen neandertal-aldaera. Zauriak azkar ixteko onuragarria izango zen, baina, gaur egun, kaltegarria da, bihotzekoak eta enboliak izateko arriskua areagotzen duelako.
Entzun Capraren azalpenak bideo honetan: Are humans connected to Neanderthals?
Elhuyarrek garatutako teknologia