Munduko makina txikienak garatu zituztenak saritu ditu Kimikako Nobelak

Hiru gizonezko izan dira aurtengo Kimikako Nobel saria jaso dutenak: Jean-Pierre Sauvage frantziarra, J. Fraser Stoddart eskoziarra eta Bernard L. Feringa herbeheretarra. Haien meritua, munduko makinarik txikienak garatzea. Alegia, mikroskopio elektronikoz bakarrik ikus daitezkeen makina molekularrak.
munduko-makina-txikienak-garatu-zituztenak-saritu-
Jean-Pierre Sauvage, J. Fraser Stoddart eta Bernard L. Feringa, 2016ko Nobel Saria jaso dutenak. Arg. N. Elmehed/Nobel Fundazioa

Bizidunongan ohikoak dira horrelako makinak: proteinez osatutako egiturak, energia-iturri batez lan egiteko gai direnak. Baina gizakiok halakoak diseinatu eta sortzeak hamaika aukera ireki ditzake. Richard Feynman fisikako nobel saridunak jada 80 hamarkadan aurreratu zuen teknologia miniaturizatzeak benetako iraultza ekar zezakeela, eta Nobel Fundazioak iraultza horren abiarazleak saritu nahi izan ditu aurten.

Makina molekular horiek garatzeko lehenengo urratsa Sauvagek eman zuen 1983an, eraztun itxurako bi molekula elkarri lotzea lortu zuenean, kate bat sortuta. Bi molekula horiek ohiko lotura kobalente indartsuez lotu beharrean, non atomoek elektroiak partekatzen dituzten,  lotura libreago batez lotuta, bi parteei mugitzeko aukera ematea lortu zuen ikertzaileak. Horixe da, hain zuzen ere, makina batek funtzionatzeko oinarrian behar duena.

Igogailu molekularra, rotaxanoan oinarritua. Arg. Johan Jarnestad

Urte batzuk geroago, 1991an, Stoddart-ek rotaxanoa garatu zuen: eraztun molekular baten barruan ardatz fin bat ezarri zuen, eta eraztuna ardatzean zehar higitzea lortu zuen. Horrela diseinatu zuen 0,7 nanometroz mugitzen zen igogailua. Rotaxanoetan oinarrituta gihar molekularrak ere garatu zituen.

Eta Feringa-k, hirugarren sarituak, lehenengo motor molekularra garatu zuen. 1999an lortu zuen motor molekularra muntatzea, haren hegala etengabe norabide berean biratzen zuena. Sistema honekin 10.000 aldiz handiagoa zen kristalezko zilindro bat mugitzea lortu zuen. Historiako lehenengo auto molekularra diseinatzea ere Feringaren taldearen lorpena izan zen, 2011an molekulez osatutako lau gurpil biratzen jarri zituelako, xasis molekular moduko batean lotuta.

Auto molekularra Arg. Johan Jarnestad

Nobel Fundazioak argitaratutako prensa-oharrak dio gaur egun motor molekularra 1830eko hamarkadan motor elektrikoa zegoen garapen-fase beretsuan dagoela, ez zekitenean zehazki zer tresna mugiaraziko zituen horrek etorkizunean. Baina Feringak berak jarri du adibidea gaurko zeremonian: dagoeneko badira, esaterako, odolean sartu eta kaltetutakoak konpontzeko gai izango diren nanorobotak diseinatzen dabiltzan ikerketa-taldeak. Ezin jakin, gaur egun ere, zer emango duen kimikak etorkizunean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila