Mirandaren gainazala

Uranoren Miranda izeneko satelite harrigarria, izotz-forma bereziz osatuta omen dago.

Izotzak emango lioke Mirandaren gainazalari duen itxura urratu eta landua. Arizonako unibertsitateko Steven Croft fisikariaren eritziz, Miranda sortu zenean eratu zen izotz-forma berezi hori.

Duela bi urte t'erdi, Voyager 2 zunda espazialak igorritako irudiek txunditurik utzi zituzten planetologoak. Mirandaren gainazala tektonikaren eta aktibitate bolkanikoaren arrastoz josirik dago. Hau guztiz harrigarria da, ezen Miranda oso txikia bait da (450 km-ko diametroa du) eta fenomeno horiek sortzeko behar den barne-beroa izateko tamainarik ez bait du. MIrandak geologikoki hildako mundua behar zukeen izan eta inpaktu-kraterez josia gainera.

Voyager ek beste irudi bat erakutsi zuen. Mirandak kratereak ditu, baina osorik hartuta Mirandaren gainazala fenomeno geologikoen nahaste bitxia da. Ilargi hau arroil-sare handi batez urratua dago. Arroilak 30-40 km luze eta 3-5 km sakon dira. Bestalde, inpaktu-kratere batzuen hondoak bolkanismoa adieraz dezakeen magma-itxurako egitura batez estalita daude.

Croft-en eritziz, egitura horiek azaltzeko ez da ez bolkanismora eta ez tektonikara jo behar; izotzaren bidez adieraz bait daitezke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila