Tumoreak hedatzea eragotziko duen botika berri bat hartzen hasiko dira aurki minbiziak jotako ehundaka gaixo. Abdomeneko minbizia zuten 15 gaixorekin eginiko lehen saioek, “batimastat” izeneko botika berria nahikoa segurua dela eman dute aditzera.
Minbiziaren kontrako terapia berri gehienen helburua, minbizi-zelulak gorputzetik erauztea izaten da, horrela minbizia berriz ez sortzea lortu nahi delarik. Batimastat-ek ez du horrela lan egiten. Bere helburua minbizi-zelulei gorputzean barreiatzea eta minbizi-iturri berriak sortzea eragoztea da.
Britainia Haundia, EEBB, Frantzia eta Danimarkako ospitaleetako 300 gaixo botika berri honen bidez tratatuko dira bere eraginkortasuna eta segurtasuna aztertu asmoz.
Edinburgheko Western General Hospitaleko 15 gaixo tratatu ziren botikaren lehen saioetan eta horietatik zazpik ongi erantzun zuten. Paziente guztiek aszitis gaiztoak zituzten, hau da, minbizi-zelulaz betetako likido-pilaketa mingarriak abdomenean. Mina kentzeko, medikuek hainbat egunetik behin likidoa erauzi behar izaten diete horrelako gaixoei. 15 pazienteei batimastat botika injektatu zitzaien eta zazpik ez zuten lau hilabetean likidorik pilatu.
Minbizi-zelulak jatorrizko iturritik abiatuz gorputzean hedatzeko organoen eta zelulen ehun konektiboa hondatzen duen entzima baten beharra dute. Batimastatak entzima hori blokeatu egiten du eta minbizi-zelulak kolagenozko hesi baten barruan bilarazten ditu. Ondorioz, minbizi-zelulek ezin dute jatorrizko iturria utzi eta gaitza gorputz osora hedatu.