Literatura, garunarentzako estimulu

literatura-garunarentzako-estimulu
Nicola Molinaro, BCBLko ikertzailea. Arg. BCBL

Donostiako BCBL ikerketa-zentroan egindako ikerketa-lan batek erakutsi du figura erretorikoek badutela sugestio-gaitasuna garunaren jarduera estimulatzeko. NeuroImage aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

BCBLko Nicola Molinaro ikertzailearen hitzetan "ikerketaren emaitzak zerikusia du figura erretorikoak prozesatzeko behar den abstrakzio-mailarekin. Oximorona da halako figura bat, esaterako". Kontrako esanahia duten bi hitzek edo adierazpenek osatzen dute oximoron egitura sintaktikoa. Adibidez, gau zuria . Oximoronaz gain, esaldi okerrak, neutroak eta pleonasmoak (izen-lagunek adierazkortasuna gehitzen dute baina ez dira beharrezkoak) erabili zituzten ikerketan, subjektu modura izen bera erabilita. Adibidez: munstro geografikoa adierazpen okerra, munstro bakartia adierazpen neutroa, munstro ederra oximorona eta munstro ikaragarria pleonasmoa. Ondoren, hitz-bikoteen zerrenda horiek erakutsi zitzaizkien 18 eta 25 urte bitarteko pertsonei, eta, entzefalograma bidez, haien garunaren jarduera neurtu zuten adierazpenak prozesatu bitartean.

"Ikerketak erakutsi du adierazpena zenbat eta naturaltasun gutxiagokoa izan, orduan eta baliabide gehiago behar dituela garunaren aurrealdeko ezkerraldeak adierazpena prozesatzeko", azaldu du Molinarok. Munstro bakarti adierazpen neutroak behar du baliabide gutxien prozesatzeko. Munstro geografiko adierazpen okerra hauteman eta handik 400 milisegundora erreakzionatzen du garunak erroreaz ohartzean. Aldiz, munstro ederra oximoronaren kasuan, adierazpena entzun eta handik 500 milisegundora hautematen da jarduera garunaren aurrealdeko ezkerraldean; alde hori da gizakiak beste edozein espeziek baino garatuagoa duen garunaren alde bat, hizkuntzarekin lotzen den aldea, hain zuzen ere. Pleonasmoaren kasuan, munstro ikaragarria , ikusi zen jarduera adierazpen neutroaren kasukoa baino handiagoa zela, baina oximoronaren kasukoa baino txikiagoa.

Ikerketaren emaitzak ikusita, BCBLk ikerketa-arloa zabaltzea erabaki du. Erresonantzia magnetikoa erabiltzen hasia da jada Molinaro, eta figura erretorikoak prozesatzen direnean garunak zer jarduera duen erakusten duten irudiak jaso nahi ditu. Azken helburua da esanahiaren prozesamenduan eragin handia duten garuneko bi alderdiren arteko konexioak aztertzea: hipokanpoaren, eta aurrealdeko ezkerraldearen artekoa, hain zuzen ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila