Lehen izarren seinalea jaso dute

Big Bangetik 180 milioi urtera sortu ziren lehen izarrak, uste baino unibertso hotzago batean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

lehen-izarren-seinalea-detektatu-dute
Arg. N.R.Fuller, National Science Foundation

Unibertsoaren hasierako hidrogenoaren seinalea detektatu dute MITeko eta Arizonako Unibertsitateko ikertzaileek. Big Bangetik 180 milioi urtera hidrogeno-atomoek utzitako seinalea da, eta erakutsi du garai hartarako sortzen hasiak zirela lehen izarrak, baita unibertsoa uste baino askoz hotzagoa zela ere.

Unibertsoa sortu eta lehen milioika urteetan guztiz iluna zen, ez zegoen galaxiarik, ez izarrik, eta, funtsean, hidrogenoz beterik zegoen. Hasierako hidrogeno-gas hura guztiz ikusezina zen, garai hartan zegoen hondoko erradiaziotik bereizezina baitzen, hidrogeno-atomoek zeukaten energia-egoeragatik. Teoriak zioen egoera hori lehen izarrak sortzearekin batera aldatuko zela, izarrek igorritako erradiazio ultramoreak hidrogeno-atomoen energia-egoera aldatuko zuelako, eta, orduan, hidrogeno-atomoak hondoko erradiazioa xurgatzen hasiko zirelako. Xurgapen horrek seinale bat utziko zukeen hondoko erradiazio horretan, gaur egunera irrati-uhin moduan iritsiko litzaigukeena. Bada, horixe da orain detektatu berri dutena, lehen izarren eraginez hidrogeno-atomoek utzitako seinalea, irrati-uhin moduan iritsi dena. Nature aldizkarian eman dute horren berri.

EDGES irrati-espektometroa, Australiako mendebaldean dago, CSIROren Murchison Irrati-astronomia Behatokian. Irrati-espektometro horrek detektatu du hidrogeno-atomo goiztiarren seinalea. Arg. CSIRO Australia

Australiako mendebaldean dagoen irrati-espektometro txiki baten bidez detektatu dute seinalea. Erronka handia izan da, inguruko zarata bilatzen zuten seinalea baino milaka aldiz handiagoa izan daitekeelako. Antena basamortuaren erdian dago, gizakiak sortutako irrati-seinale oso gutxi iristen den lekuan. Izan ere, FMrako erabiltzen ditugun seinaleen frekuentzietatik oso gertu daude unibertso goiztiar hartatik datozenak. Zehazki, 78 MHz-ekoa da detektatu duten seinalea. Big Bangetik 180 milioi urteri dagokio frekuentzia hori. Hala, inoiz detektatu den hidrogenorik goiztiarrena da, eta erakusten du garai horretan izarrak sortuak zirela, eta ingurunean eragiten hasiak.

Seinale honek berretsi ditu lehen izarrak sortu ziren garaiari buruz teoriak iragarritako gehienak, baita hasierako izar haien ezaugarri nagusiak ere. Baina ezusteko bat ere ekarri du: unibertsoa garai hartan uste baino askoz ere hotzagoa zela. Izan ere, kalkulatu dute ustezko tenperaturaren erdia zuela: -270 ºC inguru. Ez daude ziur hori zergatik izan daitekeen, baina Naturen argitaratu duten bigarren artikulu batean, Tel Aviveko Unibertsitateko ikertzaile batzuek proposatu dute litekeena dela materia ilunarekin izandako elkarrekintzen ondorioz hoztu izana hainbeste hasierako hidrogeno-gas hura.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila