Legenarraren bakterioak zelula ama bilakatzen ditu zelula helduak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Legenarra eragiten duen bakterioak zelula helduak birprogramatzeko eta zelula ama bilakatzeko gaitasuna duela deskubritu dute Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileek. Legenarra nola hedatzen den aztertzen ari zirela izan dute mekanismo horren berri; hain justu, horretaz baliatzen dira bakterioak organismoan zehar hedatzeko.

legenarraren-bakterioak-zelula-ama-bilakatzen-ditu
Legenarraren bakterioak birprogramatutako Schwann zelulak (berdez), muskulu-zelula bilakatzen (gorriz). Arg. Masaki et al./Cell

Mycobacterium leprae legenarraren bakterioaren lehen jomuga Schwann zelulak dira. Zelula horiek nerbioak inguratu eta babesten dituzte, eta, zauriak gertatzen direnean, nerbioak berritzeko eta osatzeko ahalmena dute. Edinburgoko ikertzaileek saguen Schwann zelulak isolatu dituzte, eta bakterioarekin infektatu dituzte. Orduan ikusi dute bakterioak Schwann zelulen berezko ahalmena aktibatzen dutela, eta, horren bidez, zelula ama bilakatzen dituztela. 

Infektatutako zelulek muskuluetara eta nerbio-sistemara migratzen dute, eta ehun horren zati bihurtzen dira. Hori egitean, bakterioari ehun berriak infektatzen laguntzen diote. Ikertzaileen esanean, litekeena da mekanismo hori bera egotea beste gaitz batzuen oinarrian, hala nola minbizian eta gaixotasun metabolikoetan. 

Cell aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, aurkitutako mekanismoaren berri emateaz gain, ikertzaileek aurreratu dute litekeena dela egunen batean laborategian mekanismo hori bera erabiltzea, zelula amak lortzeko eta zenbait gaixotasunen aurkako tratamenduak garatzeko.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.