Hilabete eman du Hubble espazio-teleskopioak irudirik bidali gabe, arazo tekniko bat zuela eta. Astronomoek ez dute lortu arazoa konpontzea, baina bai espazio-teleskopioak dituen ordezko tresnak martxan jartzea, eta Hubble berriz ere lanean hastea. Lehenengo emaitza Arp 147 deritzon galaxia-pareari ateratako argazkia izan zen.
Irudiaren eskuineko galaxiak eraztun-itxura du. Ez da galaxia horren berezko forma. Irudia jaso zuten astronomoek azaldu dutenez, bi galaxia horien grabitate-eremuek elkarri eragiten diote, eta, antza denez, irudiaren ezkerreko aldean ageri den galaxiak eskuinekoa zeharkatu zuen, eta horrek eragin zuen galaxia batek eraztun-itxura ematea besteari.
Eraztuna urdina izateak adierazten du han izarrak sortzen ari direla. Bi galaxien talkaren eraginez, dentsitate handiko uhin-formako eraztun bat sortu zen, eta uhin hori kanporantz mugitzen hasi zen, harri bat ur-putzu batera botatzen dugunean sortzen diren uhinak kanporantz mugitzen diren bezalaxe. Kanporako bidean, galaxiaren barrualdera zihoazen materialekin eta gasarekin talka egin zuen uhinak, eta izarrak sortzen hastea eragin zuen.